'Jaialdia Azkenarentzat kantera moduko bat izatea nahi dugu'

hirinet 2013ko abuztuaren 23a

siberia_rock_kartelaLagun artean pote batzuk hartzen jaio zen ideia da Siberia Rock jaialdia. 21 eta 24 urte arteko neska-mutil batzuk, Gasteizeko rock taldeak ezagutzera emango lituzkeen jaialdi bat antolatzeko gogoekin. Orduan, udalaren Gazteriaren saileko “Haziak” lehiaketaz izan zuten berri eta euren proiektua aurkeztea erabaki zuten. Hilabete eta lan askoren ondoren, bi aste barru izango den jaialdia antolatzea lortu dute. Leire García Baztarrica, Iñigo Uribarri eta Joel Bruña antolatzaileekin egon gara hizketan.

Zergatik Farelinan eta irailaren hasieran?


Hasieratik pentsatu genuen bertan egitea. Kokapenagatik erabaki genuen gehienbat. Doanik denez, ideia ona iruditu zitzaigun toki zentriko batean egitea. Horrela, jendea kontzertu batera etor daiteke, gero pote batzuk hartzera joan eta berriz itzuli. Joan-etorriak ahalbidetzen dituen jaialdi bat nahi genuen.


Eta datak, Azkena Rock Festival-a hasierako formatua kopiatu genuen: Europako urteko azken jaialdia. Aldi berean, data hauetarako jendea oporretatik itzuli egin da, klaseak hastear daude… Uda agurtzeko modu bat da azken finean. Bestalde, oraindik eguraldi ona egingo duela espero dugu, edo ez oso txarra gutxienez. Baina nork daki, Gasteiz Gasteiz da! Hortik dator ere jaialdiaren izena.


Nolakoa izan zen proiektua aurkeztearen prozesua?


Abenduan enteratu ginen “Haziak” lehiaketan parte hartu ahal genuela eta orduan hasi zen dena. Proiektua zerotik prestatu behar izan genuen, gauza asko eskatzen zizkiguten lehiaketara aurkezteko, detaile guzti-guztiak. Buelta asko eman genizkion eta azkenean oso ondo geratu zitzaigula uste dugu. “Haziak”-ekoei gustatu zitzaien ere, eta hemen gaude orain. Egia da horrelako lehiaketa bat antolatzen zen lehengo aldia zela eta beharrezkoak ez ziren gauza asko eskatu zizkiguten. Bestalde, zaila egin zitzaigun hasiera batean ideia definitizea. Ez genekien diru-laguntza zenbatekoa izango zen, beraz ez genuen oso argi gauza handi bat pentsatu ahalko genukeen edo jaialdi apalago bat prestatu beharko genukeen. Orain esan dezakegu oso pozik gaudela eta jaialdi potente bat antolatu ahal izan dugula.


Nondik jaso dituzue laguntzak?


Ekonomikoak, Udaletik eta drogen aurkako Plan Nazionaletik, horregatik ezin ditugu babesle pribaturik izan. Laguntza teknikoa Jimmy Jazz-etik etorri zaigu. Lan izugarria egin dute. Guk ez genuen ideiarik ere ez soinuari buruz eta benetan asko lagundu gaituzte. Kontratuetaz eta abar “Haziak” enkargatu egin da. Eta azkenik, taldeen eta lagunen laguntza asko jaso dugu ere. Taldeek hau guztia antolatzen genuen lehen aldia zela ikusi dute eta erraztasun asko jarri dizkigute, eskertzekoa benetan.


Antolakuntza arazorik?


Ordutegia egokitzea: talde batek larunbatean ezin duela jo, sar ezazu ostiralean… Eta datak betetzea, hori ere zaila izan da: kartela egun honetarako egon behar dela prest eta ez zarela heltzen, ez duzula telefono zenbaki bat lortzen… Hala ere, arazo larririk ez dugula izan esan behar da. Kanpoko taldeak ez ekartzeak, egia esanda, dena errazten du: ez duzu manager edo promotoreekin hitzegin behar, ez zara ingelesez aritu behar, ostatu arazorik ez dituzu…

siberia_rock_antolatzaile

Zaila izan da taldeak aukeratzea?


Zaila baino, lana eman digu. Zerrenda erraldoi bat egin genuen talde guztiekin eta gero banan-banan galdetzen. Ahal zutenen artean egin genuen behin-betiko hautaketa. Kostatu zaiguna lagunen taldeak sartzea edo ez sartzea erabakitzea izan da. Baliabide asko genituenez eskura, jaialdi on bat prestatu nahi genuen, laguntasunak alde batera utziz. Ez genuen entzun nahi “zuen lagunak direlako aukeratu dituzue”, baina kontrakoak entzun digutu: “zergatik ez gaituzue sartu? Lagunak gara!”. Hala eta guztiz ere, hartutako erabakiarekin oso pozik gaude, oso kartel ona lortu dugula uste dugu.


Jendearen harrera nolakoa izango dela uste duzue?


Momentuz oso gustora gaude jendearen erantzunarekin. Oraindik ez da jaialdia izan eta hurrengo urtekoari buruz galdetzen digute! Gainera Gasteiztik kanpoko jendea etorriko dela jakin izan dugu. Ez genuen horrelakorik espero.


Azkena Rock bezalako jaialdi bat Gasteizen baita antolatzeak laguntzen du jendea mugiarazten?


Zalantzarik gabe, bai. Gasteizen kultura rockero indartsu bat dago, horren erakusle da Azkena. Gainera gure jaialdia Azkenarentzat kantera moduko bat izatea nahi dugu. Denborarekin Azkenan jo dezaketen taldeak ezagutzera eman nahi ditugu.


Nolako bilakaera izatea gustatuko litzaizueke?


Orain Gasteiz mailan antolatu badugu, geroago Euskadi mailan edo estatu mailan antolatzea ondo egongo litzateke. Edo kartel buru potente bat ekartzea, kanpoko talderen bat… Betiere hiriko taldeetan oinarritutako jaialdi bat izaten jarraitzea nahi dugu, kanpoko taldeak ekartzen badira ere.

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago