Samuel Aranda: 'Ekialde Ertainean eskua sartzeak ondorio oso larriak dituela ahaztu dugu'

hirinet 2013ko abuztuaren 22a

samuel_arandaSamuel Aranda, Kataluinan jaioa, herrialde gatazkatsuetan lan egiten duen argazki-kazetaria da. 2004 Afrikatik Europara doazen inmigranteen bizipenak erretratatu zituen. Libanon, Gazan, Pakistan, Kolonbia, Moldavian eta beste hainbat herrialdeetan aritu da argazkilaritza lanak egiten. 2011tik, Udaberri Arabiarra lantzen aritu da Tunisian, Libian, Egipton eta Yemenen. Azkenengo honetan hartutako argazki batekin 2012ko World Press Photo saria irabazi zuen. Egun, Yemenen egindako lana Gasteizko Villasuso Jauregian dago erakusgai. Berarekin hitz egiteko aukera izan du Hirinet-ek.

Nola lortzen da 19 urterekin ‘El Pais’-en eta ‘El Periodico’-n lanean hastea?


Beste urte batzuk ziren, errazagoak. Alde batetik zortea izan nuen eta, bestetik, komunikabideek beste gauza batzuengatik egiten zuten apustua, kalitatea nahi zuten, ez orain bezala.


Gatazka guneetara argazki kazetari moduan bidaiatzea bokazioa edo betebeharra izan zen?


Ustekabekoa izan zen. Lagun palestinar bat nuen eta beste bat israeldarra. Ezin nuenez ulertu hain antzekoak ziren bi pertsonen arteko gorrotoa, Palestinara eta Israelera bidaiatzea pentsatu nuen, ulertzeko batez ere. Eta harrapatu ninduen: 4 urtez geratu nintzen Gazan bizitzen. Ez nuen bilatu, gertatu egin zen. Joan nintzenean ez nuen buruan argazkiak gatazka dokumentatzeko egingo nituenik. Bertako egoera ulertzeko modu bat zen niretzat eta azkenean lanbide bilakatu zen. Badago jendea hasiera-hasieratik badakiela kazetari izan nahi duela, baina ez zen nire kasua.


Gatazkeei aurre egiten diezun moduan aldaketa edo eboluzio bat nabaritu duzu?


Zentzu guztietan nabaritzen da bilakaera bat. Gauzak azaltzeko moduan eboluzionatu egiten duzu, analisi gehiago egiten duzu. Hasiera batean, agian, biolentzia hutsaren argazki asko egiten dituzu, eta gero, denborarekin, ulertzen saiatzen zara, trantsizioak nabaritzen eta ulertzen ikasten da. Oso garrantzitsua da hori.


Nola bizitzen da hain gertutik hainbeste biolentzia? samuel_aranda_expo


Hildakoak eta bombardaketak ikusi eta bizi egiten dituzu, egia da, baina hurrengo egunean gobernu bat erori dela ospatzen zabiltza. Adibidez, Egipton biolentzia izugarriko 3 edo 4 aste izan ziren, baina azkenean Mubarak erori egin zen. Oreka bat sortzen duten gauzak dira.


Zein da gehien markatu zaituen gatazka?


Gaza. Gaur egun gertatzen ari den ankerkeri handienetako bat dela uste dut, apartheid bat da. Baina modu positibo batean, Yemen zalantzarik gabe. Urik edo argirik gabe bizi daitezke edo errepresio bortitzarekin, baina beti daukate irribarre bat aurpegian. Bizitzari poztasunez egiten diote aurre eta oso gizarte abegitsua da gainera.


Gatazka bat dokumentatzen egon ondoren, nola da etxera itzultzea?


Batzuetan zaila egiten da zure lagunen arazorik larriena Iphone 5a ez izatea dela ulertzea, baina bestela ez dut gehiegi nabaritzen. Azken finean lanbide bat da, beste edozein bezalakoa. Mediku batek egun txar bat izan dezake, baina hurrengoa ona izan daiteke.


Lana eta bizitza banatzen ikasten da?


Ez nuke banatzen esango, bizitzen baino. Ez zara minera ohitzen, baizik eta min hori dagoenean sufritu egiten duzula eta alaitasuna dagoenean, ospatu.


Zer da World Press saria irabaztea lanbide honetan “nahigabe” hasi zen norbaitentzat?


Proiektu berri asko egitea ahalbidetzea. Elkarteen laguntzaz lehen egin ezin nituen proiektuak egiteko aukera eman dit. Lehen egunkari batentzat lan egitea zen: argazkiak egin hilabete amaierara heltzeko. Orain aukera gehiago dauzkat, nik aukeratu ditzazket gaiak. Aldi berean, museo eta fundazio askoren ateak ireki zaizkit.

samuel_aranda_foto

 

Nola aukeratu zenuen argazkia?


Nik ez nuen aukeratu, New York Times-ek aukeratu zuen. Yemeneko lanatik 12 aukeratu zituzten eta horien artean zegoen. Hala ere, nik ere bat aukeratzekotan hori aukeratuko nuke. Emozioak transmititzen dituela usted ut. Niretzat, egia esanda, sorpresa bat izan zen irabazle ateratzea. Tekniko eta artistikoki oso argazki sinplea da, ez dago oso landua.


Saria irabazterakoan, argazkiko bi protagonistak, Zayed eta bere ama, zurekin jarri ziren kontaktuan eta Yemenera itzuli zinen. Nola izan zen itzulera hori?


Oso polita, honekin jarraitzeko indarrak ematen dizkizuten bizipenak dira hoiek. Orain Zayedekin kontaktua mantentzen dut Facebook bidez.


Zure ustez, zein da Ekialde Ertaineko arazoa?


Petroleoa. Biolentziaren mapa bat hartzen baduzu, herrialde baketsu eta gatazkatsuekin, berehala ikusten da petroleoaren maparen oso antzekoa dela. Petroleoa dagoen guneetan atzerritarren interesak daude eta atzerritarren interesak dauden tokietan gatazkak sortzen dira.


OTAN-ek Libian parte hartu zuenean positiboa izan zela esan duzu, baina ez zaude batere ados Egipton egon den parte-hartzearekin. Noiz da onuragarria interbentzio bat?


Oso kontu zaila da. Libian onuragarria izan zela uste dut Gadafi Bengasin ez sartzea lortu zelako. Sirian lehenago sartu behar izan zela uste dut, baina ulertzen dut egin ez izana ez genekielako oso ondo zer ari zen gertatzen. Baina Egiptoko kasua guztiz desberdina da. Estatu kolpe bat eman duen ejerzituaren alde hartu du parte Mendebaldeak, zapaltzaileen alde sartu dira. Guztiz burugabea dela uste dut eta gure alde itzuliko da, Irak eta Madrileko martxoak 11n bezala. Ekialde Ertainean eskua sartzeak ondorio oso larriak dituela ahaztu dugularen sentzazioa daukat.


Komunikabideek Egiptoko esku sartzea bese modu batean azalduko balukete, zeozertako balioko zuen?


Ez. Erabakiak hartzen dituztenei berdin zaie herritarron iritzia. Gogoratu bestela Irak. Mendebaldeko herrialdeek oso argi zuten gobernu islamista bat ez zutela nahi eta ez zutela onartuko, gutxiago ere Egipto bezain garrantzitsua den herrialde batean.


Zer behar da Ekialde Ertainaren inguruan hain zabaldua dagoen irudia (Al Qaeda, talibanak, muturreko islamistak…) aldatzeko?

 

Bidaiatzea. Nire bizipengatik badakit hori dela gakoa. Bertara joan eta benetako errealitatea ezagutzeak eskemak aldatzen dizkizu guztiz. Zoritxarrez, petroleoa beharrezkoa den heinean Ekialde Ertainean eskua sartzen jarraituko dugu. Petroleoa amaitzen denean, auskalo nora begiratuko duen Mendebaldeak, auskalo non egongo diren interesak.

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago