Kalapita horren erdian, Gaxpar Büztanobi, Lakarri-Büztanobiko nagusi zaharra, desagertuta; eta emaztea, xerka. Amaia Ezpeldoi, Txinatik Maulera itzuli berria den detektibe-rural sentimentala, bila hasiko da, beraz. Eta horretarako Joana Garalda zaraitzuarraren laguntza izango du, bai eta Haitz Zumetaren laguntza ere, Barkoxen filologia-lanetan murgilduta dagoen bilbotarraren laguntza, hain zuzen ere.
Zuberoako historia hurbilean zeresan ugari eman zituen gasbidearen aferak. Eta, horretan oinarrituta, ezohiko polizia-nobela idatzi zuen Itxaro Bordak: misterio oro Xiberoan gertatzeaz gain, eleberria ironikoa da oso, eta barre eginaraziko digu. Gehienbat zubereraz dago idatzia, baina baditu tarteka pasarteak zaraitzu-erronkarieraz, mendebaldeko euskalki edo bizkaieraz, batuaz, gaztelaniaz eta frantsesez ere. Horrek guztiak berezi egiten du gure literaturako detektibe-rural ezagunenaren lehen eleberria. Eta inor abentura gehiagorako egarriz geratuz gero, lasai, beste lau liburutako protagonista baitugu Amaia: Bizi nizano munduan (1996), Amorezko pena baño (1996), Jalgi hadi plazara (2007) eta Boga boga (2012).
Itxaro Borda Oragarren (Nafarroa Beherea) jaio zen, eta egun Baionan bizi da. Nekazaritzako batxilergoa ikasia, Historian lizentziatua eta lanbidez postaria da. Maiatz literatura-aldizkariko sortzaileetako bat izan zen. Batez ere olerki eta eleberriengatik ezaguna den arren, saiakerak, narrazioak, egunkarietako artikuluak eta euskal abeslarientzako kantak ere idazten ditu. 2002an Euskadi saria jaso zuen %100 basque eleberriagatik eta, 2010ean, Rosalía de Castro poesia-saria, Galiziako PEN Klubaren eskutik.
FITXA TEKNIKOA
Izenburua: Bakean ützi arte
Idazlea: Itxaro Borda
Argitaletxea: Susa
Urtea: 1994
Orrialde-kopurua: 187
Egilea: Adriano de Mata
Imajinatu Zuberoa: bailarak, mendiak, ibaiak, herrixkak, bizitza lasaia… eta, halako batean, harmonia hautsiko duen enpresa handia, multinazionala, herrialdean barrena gasbidea eraiki nahian. Ondorioz, bi fronte: alde batean, gasbideak aurrerapena eta lanpostuak ekarraraziko dituela dioten ahotsak; bestean, lurra eta bizimodua galduko dituztela uste duten laborari zein herritarrak, Gaz-Pars deritzon elkartean bilduta.