ZURE ESKUBIDEA BAI, ETA NIREA?

hirinet 2013ko abuztuaren 14a

garaioKostata, baina,  azkenean, iritsi zaigu uda! Eguzkia, beroa, giro ona… Eta udaz disfrutatzeko  ba al dago hondartzara joatea baino plan hoberik? Egia. Gasteiztarrok ez dugu hondartzarik, ez behintzat itsasoaren urak bustitzen duenik. Baina ez gaude kexatzeko moduan, uraz eta naturaz gozatzeko aukera bikaina eskaintzen digun parajea baitugu eskura: Garaioko parkea.


Eta, bada, horixe da nik neuk duela egun gutxi egin nuena. Zuhaitz baten gerizpean etzan, ur ertzetik gertu, liburu on bat eskuan, freskagarri bat alboan… Hura bai paradisua! Horrelako une zoragarri bat hondatu dezakeen ezer  ba al dago munduan? Bai, bada behintzat bat: albokoaren musika gogaikarria!


Izan ere, hondartzak jendez betetzearekin batera, haien musika guztiokin partekatu nahi duten herritar eskuzabal ugari agertu ohi dira. Eta ziurrenik askok hauxe pentsatuko dute/duzue: “ezin al da musikarik entzun toki publikoetan?” Bai, noski. Musika lasai asko entzuteko eskubidea dugu. Eta, horra hor nire galdera: “ez al dut nik erlaxatzeko eskubiderik?”


Egia esan, egun hartan erraz aurkitu nuen irtenbidea, toaila hartu eta beste gerizpe batera joan bainintzen. Baina, tamalez, irtenbidea ez da beti hain erraza izaten. Izan ere, eguneroko bizitzan behin eta berriz suertatzen dira horrelako egoerak: baten eskubideak bestearena urratzen du. Legea, ustez, horretarako dago, guztion eskubideak errespetarazteko (edo hori da behintzat sinistuarazi nahi digutena…), baina ez da nahikoa herritarron arteko elkarbizitza harmoniatsu bat bermatzeko.


Egungo gizarteak lehenengo geure buruagan pentsatzera bultzatzen gaitu: nire familia, nire ikasketak, nire kuadrilla, nire lana… eta, nola ez, nire eskubideak. Norberaren eskubideak aldarrikatzea beharrezkoa da, hare gehiago gauden egoeran egonda (jakina da krisia aitzaki eskubide urraketak arruntegiak direla egun). Baina, non amaitzen da norberaren eskubidea eta non hasten da bestearena?


Kantek eskubidea  norberaren askatasuna gainontzekoen askatasunera egokitzea ahalbidetzen duen  baldintzen multzoa dela zioen. Beraz, horixe da neurria, gainontzekoen askatasuna errespetatzea. Noski, egoera bakoitzean neurria non dagoen jakitea ez da batere erraza eta, horretarako, ezinbestekoa da une batez norberarengan pentsatzeari utzi eta alboan dugun lagunarengan pentsatzea.


Beraz, guztiok hondartzara joan eta egun zoragarri batez gozatzera animatzen zaituztet. Eta, nola ez, zuen gustuko musika eraman, baina, ahal dela, entzungailuak erabili edota bolumena gutxitu, mesedez!

 

Egilea: Itziar Etxezarreta

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago