Lagun bat joaten zen eta beti hitz egiten zidan bertan irakurtzen zituzten liburuei buruz, eta nola, irakurri ostean, elkartzen ziren haiei buruz hitz egiteko. Ni irakurle amorratua naiz, eta aipatzen zizkidan liburuak itxura ona zeukaten, baina ez nintzen ausartzen bileretara joaten. Zer egin behar nuen nik talde berri batean, nire iritzi kaxkarra ematen, ezer berririk gehitu gabe? Gainera, irakurketa bakarkako lana da, ezta? Nola esplikatuko dut irakurketak nigan sortutako dardarak, nola jarri hori hitzetan? Eta euskaraz! Niri euskaraz irakurtzea kostatzen zaidanarekin! Ez, ez, Irakurle Kluba ez zen niretzat, lan gehiegi ematen zuen.
Baina azkenean animatu nintzen. Kurtso hasieran Iban Zalduak antolatzen duen aurkezpenera joan nintzen eta Harkaitz Kanorekin prestatutako hitzaldia ikusi nuen. Musika eta literaturari buruz zen, eta nahiz eta ezer gutxi ulertu (melomano hutsak dira Zaldua eta Kano), oso interesgarria iruditu zitzaidan eta parte hartzera animatu nintzen. Lehenengo liburua irakurtzea erabaki nuen, kosta ahala kosta; ez dut gogoratzen zein izan zen, baina bai gogoratzen dudala hasieran asko kostatu zitzaidala irakurtzea, euskaraz plazer hutsagatik irakurtzen nuen lehenengo liburua zelako, baina pixkanaka errazago izan zen eta gustura bukatu nuen. Hoberena bilerara joatea izan zen. Izkin batean eseri nahi nuen, ahalik eta ezkutatuen, galdera zuzenik-edo egiten bazuten ondo babestuta egoteko. Baina ez zen beharrik egon. Han zeuden guztiak nahi zutena esaten zuten, nahi zuten momentuan. Batzuk ez zuten hitzik esan, beste batzuk ez ziren isildu. Batzuk goi literatura zer den eta nola deskribatu oso garbi zuten; beste batzuk, ni bezala, kaleko hizkuntza erabiltzen zuten beren iritzia emateko. Lehenengo egunetik hitz egin nuela uste dut. Ez zegoen hanka sartzeko arriskurik. Liburu berdina irakurrita geneukan eta bakoitzak bere iritzia zuen, hori zen guztia.
Hortik aurrera, ia hilero joan naiz Irakurle Klubera. Batzuetan, irakurri behar dugun liburuak ez nau asko erakartzen eta hilabete horretan piper egiten dut. Beste batzuetan lanpetuegi nago irakurtzeko eta ez daukat denbora irakurtzeko. Behin, Alice Munroren ipuin bilduma bikaina irakurri ostean, gaixotu egin nintzen bilerako egunean; nola gorrotatu nuen nire gorputza egun horretan. Lan bikainak ezagutu ditut Irakurle Klubari esker, baita idazle berriak ere (nola bizi ninteke lehen Toni Morrison ezagutu gabe?). Eta idazleak ezagutzeko aukera izan dut ere. Badakizue zer den Twist Harkaitz Kano berarekin komentatzea? Opari bat.
Bakoitzak bere arrazoiak izango ditu halako bilera batera joateko, baina nirea oso zehatza da: literatura maite dut eta hari buruz hitz egitea pilo gustatzen zait. Irakurle Klubak biak ematen dizkit. Zalantzan zaudeten guztioi animatu nahi zaituztet bertara joateko (hurrengo liburua, Nevadako egunak, Atxagarena; idazlea etortzeko da). Ez zarete damutuko.
Egilea: Ruth Ibañez