Iruña-Veleia: Jan, edan, lo, duintasunez

hirinet 2014ko mar. 11a, 09:44

Otsailaren 6an sail honetan bertan argitaratu zen artikulu bat Iruña-Veleiako grafitoak aztertzeaz arduratu zen Institutuaren txostena dela-eta.

 

Bertan adierazitako iritziei buruzko zehaztapen batzuk egin nahi ditut, baita laborategiaren ondorioek ulertzera eman dezaketenaz ere. Eman dezaketenaz diot, zeren eta, berriz ere, zerbaitek ematen du gauza bat eta denbora gutxira beste zerbait guztiz desberdina izan daitekeen ustea gailentzen da; urte hauetan guztietan ohikoa izan den biraketa, alegia.

 

Txostenean inskripzioetan metal modernoak daudela adierazten da, hauek herdoildu gabe daudela eta inskripzioek zarakarrak mozten dituztela, eta antza denez, horiek dira beharrezko arrazoiak grafitoak egin berritzat jotzeko.

 

Hala ere, gogora dezagun analitika gainetiko azterketa batera mugatu dela, non ez herdoildutako metalak agertzea lotu dakieke piezek agertu zirenetik hona jasandako manipulaketek utzitako hondakinei, piezak ordutik esku askotatik pasatu baitira. Era berean, gogora dezagun, Madariaga irakasle eta EHU-UPVren batzordekideak aztertutako piezetan (laborategi honetan aztertu direnak horietako batzuk direlarik) ez ziren metal horiek agertzen; beraz, norbaitek jarri behar izan ditu hor behin Lurmenek materiala entregatu eta gero. Zarakarren ebaketei dagokienez, askatutako material gisa azalduko lirateke, piezen garbiketa prozesuan gertatutakoa. Izan ere, ez dago mozketa jarraiturik, baizik eta aldizkako material askatua. Bitxia da baina, grafitoen barruan oraindik ez moztutako jalkiera geratzen den tokietan, esaten da osteko betegarria dela, baina, susmagarria bada ere ez da bere konposaketa aztertzen hori frogatzeko.

 

Otsaileko artikuluan gogorazten zen izaera filologiko edo gramatikaleko bestelako arrazoi batzuk ere faltsutasunaren argudio izan direla. Kasu hauetan ere hala zela ematen zuen eta denborarekin frogatu da ustezko adituek emandako hamarnaka adibidetan, erromatar garaikoak izatea ezinezkotzat joten zutenak, azkenean ez dela horrela, Inperioan zeharreko antzeko adibideak topatu direlarik. Zentzugabeenak diruditen kasuek ere beren azalpena dute. Honenbestez, ezinezkotzat jotzen zena sinesgaitza izatetik harago ez doa.

 

Eta bakarrik ez emateko, baizik eta izateko ere, analitika hauek beste batzuekin kontrastatu beharko lirateke, Hector Iglesias doktoreak adierazi bezala, baina oraingo honetan jalkitze hauen konposaketa aztertuko lukeen laborategi europar batek eginak.

 

Amaitzeko jada, esatea, gai honen trataeran sakontasuna eta seriotasuna defendatzen denbora daramagunontzat, gai honetara hurbildu aurretik zeharo gaindituta genuen gure hizkuntza edota gure iraganari distira ateratzeko Historia bortxatzearen kontua; kontrakoa iraina litzateke guretzat. Bilatzen dugun bakarra da gaiari zintzotasunez, justiziaz eta profesionaltasunez heltzea, emaitza dena dela ere, une horretatik aurrera duintasunez jan, edan eta lo egin ahal dezagun, eta ez, interesak tartean gaia behar bezalako oinarririk gabe itxi den sentsazioarekin. 

 

 

Egilea: Xabier Otsoa de Alda Gurrutxaga, Historian lizentziatua

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide