Gasteizko jaiak... Itziar Amestoyrekin

hirinet 2013ko abuztuaren 2a

itziar-amestoy-jaiakIzen abizenak: Itziar Amestoy

Jaiotze data: 1985eko irailaren 7a

Jaioterria: Gasteiz

Lanbidea: Egun, Gasteizko Udaleko zinegotzia

 

Urtero Gasteizko jaiez gozatzen duen horietakoa al zara?

Urtero, zalantzarik gabe. Urte batean galdu nituela gogoratzen dut kanpoan nengoelako, baina bestela hitzordu derrigortua da niretzat.


Jaiak, egunez ala gauez?

Gauren batek goiz bukatzen badu, eguneko planak datoz; baina onartu behar dut gauak duela pisu gehiena. Bestalde, urtero eguneko gauza gehiago egiten ditudala egia da.


Jaietako txokorik onena?

Txosnen gunea, zalantzarik gabe, bertan ematen ditut ordu gehienak. Hor ez nagoenean, Aihotz plaza da geltokia.


Aurtengo egitarautik galduko ez duzun ekintza…

Entxosnazio eguneko bazkari ekologikoa. Baina asko dira zerrendan ditudan gauzak: dantza plazan, Gasteizko zortzikoa, euskarapote bat baino gehiago, txosnetako giroa eta, noski, Joselu Anaiekin bat dantzaldiren bat Arka Plazan.


Egitarauan falta den zeozer?

Auzoetan jaiak direla pixkat gehiago nabaritzeari begirako ekitaldiren bat eta Antzoki Nagusian euskarazko antzezlanen bat.


Txupinazoa, telebistatik edo plaza erditik?

Plaza erditik, zalantzatik gabe (honek koadrilan eztabaida bat baino gehiago eragin badit ere). Hala ere, azkeneko bi urteetan balaustradan pasatu ditut baina argi esan behar da plazako giroak konparaziorik ez duela.


Neskaz janzten zara?

Bai, noski! Aukera dudan bakoitzean asko gustatzen zait janztea.


Blusa koadrilaren batean ateratzen zara?

Ez, inoiz ez naiz egon koadrila formal batean, baina urte batzuetan dantzako nire klasekideekin Lorolo Taldea egin genuen eta egunik dibertigarrienetakoak izan ziren.


Asto lasterketa, bai ala ez?

Uste dut badaudela modu hobeak Santiago eguneko jarduera hori egiteko, eta ahalegin bat egin beharko zela horiek bilatzen.


Zerk hobetuko lituzke jaiak?

Inork bere burua besteenak baino gehiago balio duela pentsatu ez balu, eta ondorioz indarkeria matxista zikintzen duen jarrera eta eraso oro egongo ez balira.


Posible da jaiak euskaraz bizitzea?

Zalantzarik gabe, bai. Eta zentzu honetan txalotu beharrekoa da, besteak beste, iaztik Aihotz Plazako txosnak hartu duen ibilbidea zein txosna gunean egiten den ahalegina. Baina hori bai, batzuek nahi ez badute ere, euskara hiri osora zabalduko lanean jarraituko dugu gasteiztar askok.


Euskarazko ekintza nahiko antolatu dira jai hauetan?

Udalaren aldetik beti bezala, antzokian esate baterako euskara usaindu ere ez, eta euskarazko ekintzak hirian ez zabaltzeko nahia. Baina eragile zein herri mugimenduak egindako lanari esker, eskaintza ez da txikia.


Ardoa edo garagardoa?

Biak ala biak, momentuaren arabera.


Pintxo bat…

Gau luze baten ondoren, pintxo hoberena patata tortilla, klasiko bat.


Gasteizko jaien ostean, zer?

Aurten, lana. Gasteizko abuztuaz goxatzeko prest.

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago