Nola jaso du publikoak bakarkako lan berri hau?
Oso ondo. Kontzertuetara jende asko gerturatu da eta oso kontzertu ederrak atera dira. Nik uste nuen disko honek hasieratik digestio luzeagoa behar zuela, beharbada niretzako horrela izan delako. Eta egia esan, harrituta nago bai salmenta aldetik bai zuzenekoetara hurbiltzen den jendearen partetik bai kazetaritza espezializatuaren aldetik, oso erantzun azkarra eta ona jaso dut eta gezurra esango nuke niretzako hori inportantea ez dela izan esango banu, horrelako apustua eta hartu ditudan arriskuak eta gero horrelako babes bat hain azkar izatea eskertu dut eta indarrak eman dizkit bidean aurrera jarraitzeko, uda honetan eta datorren neguari begira.
Lan honetan deserriaz mintzatzen zara, ez bakarrik deserri soziopolitikoaz, baita deserri emozionalaz ere. Baina noiz sentitu da Eñaut Elorrieta deserrian?
Disko hau landu ahala eta gerora, denboran zehar hondarrak utzi dizkit, hau da, prozesuan bertan utzi zizkidan batzuk, grabazioan beste batzuk, zuzenekoetan beste batzuk eta orain eztanda egiten didate beste batzuk ere. Nik uste dut disko honetan nire deserriaren ertzak deskubritu ditudala eta niretzako beharbada deserririk bortitzena, nire kasu pertsonalean, ez da deserri fisiko bat, gehiago deserri emozionalari dago lotuta eta nire buruarekin fidela ez naizenean izango litzateke. Nire burua traizionatzen dudan horietan sentitzen naiz deserrian.
Gai hau jorratzeko kanpoko zein bertako idazle handien hitzak aukeratu dituzu, horien artean, Sarrionaindia, Atxaga, Lauaxeta, Cano, Benedetti… Zergatik idazle hauek?
Deserriaz modu zabalean hitz egiten duten garai, leku eta kultura ezberdinetako autoreen testuak hautatzen saiatu naiz. Niri idaztea gustatzen zait baina ez naiz kontsideratzen oso trebea idazten eta orduan jotzen dut nire gustuko idazleengana. Poesia ezagutzen dut, batez ere, Euskal Herrikoa, Sarrionaindia, kasu. Baina idazleengana aholku bila joan naiz eta Unai Elorriaga, Uxue Alberdi, Eider Rodriguez eta Harkaitz Cano bera izan ditut ondoan eta hauek zenbait idazle eta zenbait testu gomendatu dizkidate. Eta horrela joan naiz hunkitzen ninduten testuen bila eta musikatzeko gai izan naizen testuen bila ibili naiz, beti ere, nire filtrotik pasatzen eta eroso sentiarazten ninduten testuak bilatzen…edo inkomodatzen nindutenak ere, baina era eraikitzaile batean.
Lan pertsonal hau aurkezteko leku intimoak aukeratu dituzu. Abuztuaren 5ean, esaterako, Matxete plazan izango zara…
Bai, batez ere, proposamen hau leku itxietarako da, antzokietarako eta negu parterako. Diskoa udaberrian atera nuen eta hainbat antzokitan zuzenekoak eman nituen. Udarako oso leku hautatuak aukeratzea erabaki nuen; proposamen hau zuzenerako egoki nezakeenak. Lan honek intimitatea eta jendearen arreta eskatzen ditu eta horretara egokitu behar izan dugu. Horietako bat Matxete plaza izan da eta dudarik gabe oso gustura egongo naiz.
Zer ikusiko dute Matxetera hurbiltzen diren gasteiztarrek?
‘Deserriko kantak’ disko osoa joko dut eta baita ere aparteko kantu batzuk: zenbait kantu deserriari buruz baina diskoan grabatu ez ditudanak eta beste batzuk, gaiari zuzenean lotuak ez daudenak, baina jotzea gustatzen zaizkidanak. Nirekin batera diskoan parte hartu duten hiru musikari egongo dira; Txus Aranburu, Ruben Caballero eta Igor Telletxea. Diskoari fidel izaten saiatuko gara eta horrelako zuzeneko batek ematen digun magia aprobetxatuko dugu hori guztia beste dimentsio batera eramateko.
Gasteizko jaietan Matxete plaza euskararen txoko bilakatzen da. Kasu honetan eta beste hainbat egoeratan, euskara nolabait deserrian dagoela esan daiteke, ezta?
Zoritxarrez bai. Egia esan, niri horrelako gune hain espezifikoak, nolabait esateagatik, ez zaizkit gustatzen. Hor badago arrisku bat. Urte askotan euskal kulturan defentsiban egon gara, gure lekua aldarrikatzen eta nik uste dut bere garaian defentsa kutsu batean burutu izan zela borroka hori. Baina egun momentu batean hori guztia bueltan etorri daiteke gune konkretu batzuetara murrizten delako euskal kultura, zerbait berezia izango balitz bezala, eta ez era natural batean. Gu Euskal Herrian bizi gara, kultura hemengoa da eta beste kulturekin jotzea eta nahastea oso positiboa da eta ez bakoitza berea indartuz eta bermatuz. Hortaz, horrelako txoko espezifikoak egotea arriskutsua iruditzen zait, garai batean ulertu nintzakeen baina nik uste dut bere funtzioa egin zutela baina egun kontran ere etorri badatozela.
Kontzertua amaitu eta jaien giroaz gozatzeko asmorik?
Ikusiko da! Horrelako kasuetan asko eragiten dit kontzertuan nola sentitu naizen. Kontzertuan gustura banago, dena ondo badoa, gogoak egoten dira hori luzatzeko eta taldekideekin konpartitzeko eta buelta bat emateko. Orain arte beti horrela izan da eta Gasteizen ere saiatuko gara. Ahalegin guztiak egingo ditugu horrela izan dadin, gainera,Gasteizko jaietan egon naizen guztietan gustura egon naiz!
Ondoren, abuztuaren amaieran Ken Zazpirekin grabatuko duzu disko berria, oraingoan Orkestra Sinfonikoarekin, ezta?
Hiru urte daramatzagu Orkestra Sinfonikoaren proiektu honekin. Kostata hainbat traba gainditu ditugu eta azkenean argitaratuko da. Kultura musikal oso ezberdinetako bi munduren talka izanda, zentzu guztietan,(musikatik haratago ere ezberdintasun asko gainditu behar izan ditugu), azkenean lortu dugu elkar ulertzea eta proiektua aurrera eramatea. Abuztuaren amaieran grabatu eta azaroan argitaratuko da eta nik uste dut batuketa estetiko batetik haratago, zeozer berria eta zaindua aurkeztuko dugula. Horretan ari gara buru belarri. Erronka handia izaten ari da baina oso gustura.
Irudiak: Lander Garro
Ken Zazpi taldearekin sei disko kaleratu ostean, Eñaut Elorrieta musikari gernikarrak bere bakarkako lehen lanari ekin zion aurreko udaberrian; ‘Deserriko kantak’ lan intimoa, non Sarrionandia, Atxaga eta Benedetti bezalako idazleen letrak abesti bihurtu dituen. Abuztuaren 5ean zuzenean gozatzeko parada izango dute gasteiztarrek, Matxete plazan eskainiko duen kontzertuan. Hirinet-ek Eñautekin solas egin du.