Joseba Perea: "Konpartsak jaiak beste modu batean bizitzeko aukera ematen du"

hirinet 2013ko uztailaren 31

Erraldoiak-JosebaLau egun eskas falta dira Zeledonek Gasteizko jaiei hasiera emateko. Zeledonen jaitsieratik aurrera hiria jai-giroan guztiz murgilduta geratuko da eta, urtero bezala, ia 40 pertsonek osatzen duten erraldoien konpartsak animatuko ditu jaietako goizak. Konpartsaren koordinatzailea den Joseba Perearekin elkartu gara erraldoi, buruhandi eta suzko-zezenen artean taldeari buruz hitz egiteko.

Ia 40 pertsonek osatzen dute konpartsa, nola antolatzen zarete?


20 dantzari daude erraldoiak eramateko (bi erraldoi bakoitzeko), 4 pertsona arduratzen dira zaldietaz, beste 4 sotetaz, 4 buruhandietaz eta 4 pertsona Gargantuaz. Antolatzea ez da zaila pertsona bakoitzak bere irudia daukalako egun guztietarako, erraldoiak izan ezik. Erregeak beste erraldoiak baino gutxiago pisatzen dutenez (txikiagoak baitira), ez daude dantzari bikote bakarrari egokituak.


Konpartsara sartzeko zer egin behar da?


Egin behar den gauza bakarra gurekin kontaktuan jartzea da eta orduan leku librerik badagoen begiratzen da. Normalean ez dugu jende berri asko behar izaten, gehienek errepikatu egiten dute urte batetik bestera. Hori bai, 16 urte izan behar dira gutxienez, kontratua egiten dugulako.


Nola banatzen dira irudiak taldekideen artean?


Handien eta indartsuenak erraldoietaz arduratzen dira (erraldoien pisua 50 eta 57 kiloen artean dabil), horregatik gehienetan mutilek eramaten dituzte. Gero txikiagoak direnak sotak, zaldiak edo buruhandiak hartzen dituzte. Jende berria sartzen denean libre dauden postuetan jartzen ditugu. Arazo gehienak erraldoiak eramaten dituzten dantzariak aurkitzeko izaten ditugu. Ezin ditu edonork eraman: indarra eta dantza egiteko trebetasuna behar dira erraldoia mugitzeko.


Zerez daude eginda erraldoien barne-egiturak pisu handiegia ez izateko?


Erraldoi zahar-zaharren barne egiturak zumezkoak ziren. Gaur egun, bi zatitan daude banatuta. Beheko zatia egurrezkoa da eta goikoa beira-zuntzekoa. Bi zatitan banatuta egoteak garraioa eta konponketak asko errazten ditu.


Entsaio asko egiten dituzue?


Jende berria dagoenean atera behar garen eguna baino lehen 3 edo 4 entsaio egiten saiatzen gara, hemen San Prudentzio kalean. Baina urte asko daramatzan jendearekin (batzuk hamar urtez dabiltza konpartsan) egun bakarreko entsaioarekin nahikoa da. Normalean musika gabe egiten ditugu, baina aurten musika lortu genuen eta kotxe batekin ibili ginen azken entsaioan. Kaos apur bat izan zen: munizipalekin hitz egin behar izan genuen momentu bat izango zela esanez baimena emateko, kotxeak pasatzen ziren, jendea… Hala ere nahiko ondo atera zen!

 

Erraldoiak-biltegia


Zaila da irudiak egoera onean mantentzea?


Egia esanda mantenimendua nahiko sinplea da. Zorionez istripu asko gertatzen ez direnez (eta gertatzen direnean larriak ez direnez: kolperen bat, jaustea, estropezuak…) ez da beharrezkoa urtero-urtero mantenimendu lan handiak egitea. Basikoena arropak garbi eta egoera onean egotea da. Jaiak baino lehen Gasteizko modista bat etortzen da, Charo, arropak nola dauden ikusteko eta abar. Bera arduratzen da jantziak egiteaz, konpondu behar badira konpontzeaz… Erraldoien ‘amatxoa’ bezala da. Gero, jaien ondoren irudiak berriz margotu behar diren begiratzen da. Adibidez, aurreko urtean buruhandiak berriz margotu ziren.


Zein da, zure ustez, konpartsan ateratzearen alderik onena?


Niretzat bi dira. Alde batetik, talde barnean oso giro ona dago eta hori oso garrantzitsua da. Beste aldetik, jaiak beste modu batean bizitzeko aukera ematen du. Egunero goiz altxatzen zara hirian zehar ibiltzeko, eguneko giroan parte hartuz. Gainera egunero ibilbide desberdina egiten dugunez arinagoa da. Nahiz eta gogorra izan, gustora egiten dugu.


Jaietaz gain, urtean zehar egun gehiagotan ateratzen da konpartsa?


Bai, Olarizu egunean, Olentzero egunean eta San Anton egunean. Horrez gain, batzuetan erraldoiekin Erraldoi topaketetara joaten gara. Adibidez, aurreko astean Donostian egon ginen Euskal Herri mailako topaketa batean. Nahiko kultura zabala dago erraldoien inguruan.


Bitxikeriaren bat erraldoien inguruan?


Badago jendea erraldoiak gustuko dituena eta bere erraldoi txiki partikularra ekartzen dute gurekin ateratzeko. Gure jarraitzaile fidelenak dira: ibilbide osoa egiten dute gurekin, egunero etortzen dira gu ikustera… Nahiz eta ofizialki konpartsakoak ez izan, guretzat taldekideak dira.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago