Asto lasterketa polemikoa

hirinet 2013ko uzt. 23a, 11:21

carrera_burrosBaratxuri-txirikordak, txarangak, blusak… Heltzear da Santiago eguna, Andra Mari Zuriaren jaien aurrekaria. Gasteiz jai-giroan sartzen hasten da, indarrak hartuz astebete beranduago hasiko diren jaietarako.

Blusa eta Nesken egunaren ekintza ezagunena urtero Andra Mari Zuriaren plazan egiten den asto-lasterketa da zalantzarik gabe. Zaila da egun hau lasterketa horrekin ez lotzea, baina baliteke aurtengoa azkena izatea. Azken egunetan polemika handia sortu da lasterketaren inguruan ATEAk (Asociación para el Trato Ético con los Animales) lasterketarekin amaitzeko hasi duen kanpainaren ondorioz.


ATEAk, bere lehendakaria den Kepa Tamamesen hitzetan, bi urte daramatza lasterketan astoen aurka ematen diren gehiegikeriak dokumentatzen. Lortutako materialarekin Arabako Sindikoarekin jarri ziren harremanetan Udalak lasterketa burutzeko baimenik ez luzatzeko. Izan ere, egungo legeriak ATEAri ematen dio arrazoia lasterketak animalien ongizatearen aurka doala argudiatzen duenean.


Eusko Jaurlaritzako 6/1993 legearen (4.2 artikulua) zein Gasteizko Animaliak Edukitzeari eta Babesteari buruzko Udal Ordenantzaren (9. artikulua) arabera debekatuta dago “animaliei tratu txarra ematea edo arrazoirik gabeko oinaze edo mina eta larritasuna sor diezaiokeen edozer gauza egitea”. ATEAk bi lege hauetan oinarritzen du bere salaketa. “Blusek diote euren kontra ari garela, baina legea da lasterketa hau debekatzen duenak” dio Tamamesek.


Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak eta Sindikoak berak lasterketak arau hauek urratzen (edo urratu ahal dituela) onartu dute. Azken honek Udalari zuzendutako gomendio-gutun bat idatzi zuen ekainak 13an lasterketa gauzatzeko baimenik ez emateko aholkatuz eta, baimena luzatuz gero, astoen sufrimendua ahalik eta txikiena izateko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskaera egin zuen.


Udaletik bigarren gomendioa jarraitzea adostu da eta, urtero lez, lasterketa gauzatu egingo da, bi aldaketekin. Batetik, blusa bakarrak (zaldizkoak) gidatuko du astoa (aurreko urteetan zaldizkoa eta tiraka zebilen beste blusa bat aritzeko baimena zuten, nahiz eta askotan bi baino gehiago aritu) eta baimen gehiago eskatu zaizkio Blusa eta Nesken Komisioari lasterketa aurrera eramateko. “Aurreko urteetan udaleko baimenarekin nahikoa zen, aurten asto bakoitzak osasun txartela izan behar du, Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailaren baimena behar dugu, Udalarena… Eta hau guztia laskerketa baino astebete lehenago. Hala ere, nahiz eta horrelako eskakizun hauekin guztiz ados ez egon, logikoak direla uste dugu” azaltzen du Komisioaren lehendakaria, Aitor San Pedrok. Aldi berean, albaitari bat egongo da lasterketa ikuskatzen astoek bidezko tratu bat jasotzen dutela ziurtatzeko.

carrera-burros2

 

Erabaki honek aurkako bi erantzun piztu ditu. Komisioa pozik dago. “Alkateak tradizioaren aldeko apostu sendoa egin du, nahiz eta Sindikoa eta Diputazioa erdiko bidean geratu” dio San Pedrok. Honen aurrean, Tamamesentzat guztiz ulertezina da bai Udalaren zein Sindikoaren jarrera. “Sindikoa ilegala den ekintza bat egitea gomendatzen du. Beste aldetik, Udalak orain arte ez du inoiz lasterketa gainbegiratu, jarrera guztiz interesatua da. Alderdi politiko guztiak botoak mantetzeko jarrera hartu dute”.


Erabaki honek ez die lagundu ATEA eta Blusa eta Nesken komisioaren arteko harremanei. Komisiotik ez daude prest ATEArekin adostasun batera heltzeko bilerarik egiteko. “Bide legala amaitu dutenean saiatu dira gurekin hitz egiten, baina berandu da horretarako. Lehenengo momentutik akordio batera heltzeko interesik egon izan balitz ez ginateke egongo gaur gauden egoeran”.


Tamamesek, bere aldetik, “blusen aurka ez da inor joan, inoiz ez. Jaietan, blusak izateagatik, abantaila guztiak euren esku dituztela uste dute, baina edonor bezala legea bete behar dute” eta asto lasterketa legearen aurkakoa dela eusten du.


Horrela gauzak, zaila da jakitea zer gertatuko den aurtengo lasterketaren ondoren. ATEAtik lasterketarik ez dela egongo baieztatzen dute, “izan ere, astoak norbait tiraka ez badute ez dira mugituko, beraz ez da lasterketarik egongo”. Komisioarentzat hori ez da arazoa. “Lasterketa asto batek 3 buelta ematen dituenean amaituko da eta horretarako behar den denbora guztia egongo gara zain”.


Blusek Udalak baimena ematen dien heinean lasterketa ospatzen jarraituko dute. “Gasteizko hiritarrak lasterketaren alde daude, urtero jendetza dator ikustera. Eta aurten aurreko urtean baino koadrila gehiago parte hartuko dute, 12k” ziurtatzen du San Pedrok. ATEAk, bere aldetik, lasterketan gertatutakoak jasotzen eta “beharrezkoak diren neurriak” hartzen jarraituko du.


Datorren uztailak 25ean gertatzen denaren zain egon beharko dira interesatu guztiak. Gertatzen denaren arabera Udalak behin betiko jarrera bat hartu beharko du aurten sortu diren polemika eta arazoak berriz ez errepikatzeko eta, ziurrenik, erabakia ez zaie guztiei gustatuko.

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide