Bera izan da lekuko bakarra. Donostian gertatu da, baina ez postaleko glamourra duen Donostian, baizik eta benetako Donostian, maskorrak ezkutatzen duen horretan. Izan ere, Asturiastik etorritako familia da Preciadotarrena, periferian bizi diren langileak. Arazoa, ordea, ez da izan hilketa ikustea, ezta lekuko bakarra izatea ere. Arazoa da hasiera-hasieratik hartu diola Jonek anaia Txeferen traza hiltzaileetako bati. Hori dela-eta, salatu, ez salatu ibiliko da.
Eleberria Jonen eta hildakoaren arteko elkarrizketa da. Horiek dira, hain zuzen ere, bi protagonista-narratzaile nagusiak, eta idazkeran ere antzematen da aldea: bata letra arruntez agertzen da; bestea, letra etzanez. Bestalde, gertakizunak ez zaizkigu modu kronologikoan ageri, atzera-aurreraka baizik. Iragana, oraina eta etorkizuna tartekatzen dituzte, bai eta Donostia zein ElPueblo ere, alkohola eta beste droga gogorrago batzuk, Maddi –Jonen neskalaguna, familia onekoa–, Jon eta Txeferen anaia autista, gurasoak… Hasierako hilketaren ondoren jazo litezkeen hainbat aukeraren proposamena ere bada eleberria. Edo, bestela esanda, pertsona adina egia eta gezurra daudela baieztatzen duen tesia, pertsona orok bertsio bana dugula dioen tesia, alegia; fikzioaren eta errealitatearen arteko uztarketa.
Nabarmentzekoa da, gainera, gogokoen dituen idazle zein abeslariak omendu nahi izan dituela Peñak –esaterako, haien abesti-zatiak tartekatuz–, bai eta Trainspotting filma ere.
Yoseba Peña Sodupen (Bizkaia) jaio zen 1977an, eta egun Zarautzen bizi da. Informatikaria da eta hauxe du lehen eleberria, Idazle Eskolako graduondokoa ikasi ondoren argitaratutakoa. Julene Azpeitia ipuin-lehiaketa ere irabazi zuen 2011n Pantera elurretan bezala ipuinari esker.
FITXA TEKNIKOA
Izenburua: Hodeien adorea
Idazlea: Yoseba Peña
Argitaletxea: Susa
Urtea: 2012
Orrialde-kopurua: 205
Egilea: Adriano De Mata
Eleberri berezia dugu Hodeien adorea, ezberdina, interesgarria. Hasteko, amaierara arte jarraituko digun arazoa agertzen digu idazleak: goizaldean, parrandatik etxera bidean, Jon Preciadok mutil-talde bat ikusi du, zertan eta droga-saltzaile bat akabatu arte jipoitzen.