“Garai latzetarako musika ona” lelo tristearenpean iragartzea otu zaie aurten antolatzaileei, eta, egia esanda ez da lelo desegokia, triste eta lekuz-kanpoko eskatu ez diren justifikazioak erabilita saltzen ari den jaialdi honetarako. Jazzaldi honek hiri honetan egiten diren beste hainbat ekitaldirekin (eta ez soilik ekitaldi musikalak) antza handia du. Horietan hainbatetan ausardia falta kezkagarria nabaritzen da.
Flamenkoaren erregea
Hori esanda, argi geratu behar dena, lehenik eta behin, aurtengo jazzaldiko era tristean saldu nahi izan den egitarau honek oso artista interesgarriak dauzkala barruan. Adibidez, inongo musikazalek galdu behar ez lukeen artista (hitz borobilez eta harrotasunez idatzita) baten ekitaldiak burutzen du Jazzaldiak: Paco de Lucia maisuarena, hain zuzen ere. Ohorea da ikuslegoarentzat halako maisu bat izatea gure artean. Bera izan da flamenko musika herrikoia tabernetatik eta aberatsen ospakizunetatik munduko musika aretoetara eraman duen artista nagusia. Bere aitak bera eta bere anaia Ramón irakatsi zituen gitarra jotzen. Aita amaiezineko “señoritoen” ospakizunetan gitarra jotzeko ogibidea zuen eta bere semeak irakasten zituen bitartean mundu horretatik aldentzea bultzatzen zituen ere, musikaz era zintzo batean bizi ahal izatea haiek bideratzeko. Niri bost axola antolatzaileek ikuslegoa erakartzeko bota duten amua, hau da, Paco de Lucia Chick Corearekin batera jotzeko ekitaldia. Maisuaren musikaz gozatzera joango naiz, inolako aurreiritzirik gabe. Eta ziur nago gozatuko dudala gitarra jotzailearen indarraz zein sormenaz.
Sortaldeko aireak
Hala ere, esan dudan bezala, badago hainbat gauza interesgarri egitarauan. Mendizorrotzako taularen gainean arituko direnen artean, honako hauek azpimarratuko ditut soilik: asteazkenean, hilak 17, eta egun horretako lehen zatian, 21.00etan, Ibrahim Maalouf Libanoko tronpeta jotzaileak “Wind” bere azken lana aurkeztuko digu. René Clair ‘La Proie du Vent’ filmaren soinu-banda izateko konposatua da hori eta izugarri ona da. Berarekin batera arituko diren musikarien artean Mark Turner saxo-jotzailearena eta Larry Grenadier baxu-jotzailearena aipatuko nituzke, batez ere.
Beste aldetik, osteguneko lehen zatian ere, gure artean normalean entzuten ez dugun jazza, Frantzian jatorria eta bizitokia duena, alegia, entzuteko aukera paregabea izango dugu eta guztiz gomendagarria da. Gogoratu behar dugu herrialde horrek oso tradizio luzea daukala musika honetan. Hasiera batean bi mundu guduetan borrokatzeko estatubatuarrek eraman zuten jazza Frantziara eta gero bere herrialdean arrazakeriatik ihesean bertara bizitzera joan ziren musikari beltzek. Egun horretan Jackye Terrassonek “Gouache” bere azken lana aurkeztuko digu, eta berarekin batera, Stephane Belmondo tronpeta jotzailea, Cecile McLorin Salvant abeslaria eta Michel Portal musikari euskaldun-baionarra.
Amaitzeko, antzokia
Horretaz aparte ezer gutxi daukat esateko Mendizorrotzan arituko diren beste artista tristeen inguruan. Chick Coreak bere argaltasuna erakusteaz gain “Vigil” delako azken proiektua aurkeztuko digu. Hala ere, gutxi espero dut sormena etengabe agortzen joaten ari zaion piano jotzaile honetatik. Hobe Printzipal Antzokiko besaulkietara jotzen badugu, XXI. Mendeko Jazza delakoaren egitaraua ikustera. Bertan ekitaldi guztiak gomendagarriak badira ere Antonio Sánchezenarena aipatuko dut, non “New Life” bere azken lanaren berri emango digun.
Besteek zirrara gutxi sortzeko ekitaldiak dira, ene uste apalean behintzat.
Informazio gehiago: Gasteizko Jazzaldia 2013
Egilea: Gorka González de Zarate
Datorren asteartean, hilak 16, Gasteizko Mendizorrotzako kiroldegiko ateak zabalduko dituzte Jazzaldiaren beste edizio bati ekiteko, 37a, datorren larunbatera arte luzatuko dena.