EuskalPlay, bederatzi joko ezberdinez osatutako aplikazioa

hirinet 2013ko uztailaren 15a

EuskalPlayAzkue Fundazioak garatutako EuskalPlay online joko sortaren helburua euskara sendotu eta bultzatzea da. Bederatzi jokoz osatutako aplikazio honetan hizkuntza era didaktiko eta entretenigarri batean praktikatzen da.

Jarduera horietan, erabiltzaileak aplikazioarekin (edo aplikazioaren kontra) egingo du jolas eta, bidez, batez, euskararen historia, euskalkien kokapena, euskalkietako hitzak, euskarazko hitzen jatorria, euskaldun ospetsuak, hitz konposatuak, euskarazko esaerak eta eguneroko bizimoduarekin lotutako hitzak ikasi eta landuko ditu.


Plataformaren erabilpena guztiz zabala da, edonor sar daiteke eta Azkue Fundazioaren webgunearen bitartez jo daiteke edo zuzenean http://euskalplay.azkuefundazioa.org/ loturaren bidez.


Publiko orokorrera zuzendutako garapena da, baina bereziki Lehen Hezkuntzatik Batxilergora bitarteko gaztetxoen artean euskara sustatzeko sortu dute joko sorta “beren jolaserako grina eta gure irakatsi nahia uztarturik”.


Euskalkiak kokatuz: euskarazko bost euskalkietan hitz ezberdinak agertzen dira joko honetan eta bakoitza zein euskalkian dagoen asmatu behar da. Jolastu!


Hitzak pareka: Joko honetan ere euskalkiak lantzen dira, euskalki ezberdinetako hitzak agertzen dira eta erabiltzaileak hitz hauen sinonimoak aukeratu behar ditu. Jolastu!


Maileguak: Euskaraz hitz asko beste hizkuntza batzuetatik datoz eta joko honetan hitz batzuen jatorria zein den asmatu behar da. Jolastu!


Hitz konposatuak: Hitz ezberdinak lotuz hitz berriak sortzen ditugu euskaraz, beraz, joko honetan hitz konposatuak asmatu behar dira. Jolastu!


Euskal esaerak: Hutsuneak bete eta esaldiak sortu behar ditu erabiltzaileak euskarazko esaera zaharrak lortzeko. Jolastu!


Hurrenkera kronologikoa: Komiki ezberdineko eszenak ordenean jarriz hainbat istorio lortuko ditu erabiltzaileak. Jolastu!


Euskararen faseak: Euskalkiak eta euskararen eremuak lantzen dira joko honetan eta helburua euskararen mapa dagokion epearekin lotzea da. Jolastu!


Hitzen salda: Letra askoren artean ezkutatuta euskal kulturako zortzi gizon-emakume ospetsuen izenak aurkitu behar ditu erabiltzaileak. Jolastu!


Eguneroko bizimodua: Egoera ezberdinetako hitzak asmatzeko bakoitzean agertzen diren bost gauzari dagokien izena jarri behar zaio. Jolastu!

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago