Andra Mari Zuriaren plazako monumentua babestuko dute txupinazoan

hirinet 2013ko uzt. 12a, 11:44

zeledon-jaitsiera-plazaAlderdi Popularreko gazte erakundeak (NNGG Alava) hala eskatuta, Udalak Andra Mari Zuriaren enparantzan dagoen monumentua babestuko du estruktura berezi baten laguntzaz abuztuaren 4an. Gasteizko batailaren 200. urteurrena ospatu da aurten lehendabiziko aldiz eta plaza honetan bataila gogorarazten duen monumentua orain dela hilabete gutxi zaharberritu dute.

Eta hain zuzen ere, hauxe izan da Arabako Alderdi Popularreko gazteek erabili izan duten argudioa. Batailako monumentua berriro hondatu ez dadin Udalari eskatu diote neurriren bat hartzeko, hesiak jartzea, alegia. Zeledonen jaitsieran ez ezik Gasteizek bizi dituen bestelako ekimen jendetsuetan ere modu berean babesteko galdegin dute.


eskabideak egiteko plataformaren bitartez sinadura bilketa martxan jarri dute eta, momentuz, eskabideak 58 sinadura lortu ditu. Dagoeneko Udalean aurkeztu dituzte sinadura horiek eta Marotoren gobernuaren aldetik ohar ofizialik kaleratu ez bada ere, atzo bertan Twitter bidez, iragartzen zuten eskabidea onartu eta hesiak jarriko dituztela. El Correo Español egunkariak argitaratutako albiste bat hartzen zuen oinarritzat udaleko Twitter kontu ofizialak.

nngg-araba

Abuztuaren 4an, Zeledon jaisteko prest eta plaza lepo-lepo egoten denean, errebindikaziorako gune bihurtu izan da urtetan enparantzako monumentua, batez ere, bere altuerak eskaintzen duen ikusgarritasunagatik. Horiek horrela, Change.org plataforman Alderdi Popularreko gazteek egindako eskaeraren iruzkinak irakurrita, badirudi hesiak jartzearekin bestelako helbururen bat ere lortu nahi dutela.

 


2014an, Blusa eguna edo Andra Mari Zuriaren eguna?


Bestetik, datorren urtean uztailaren 25a, Santiago eguna (edo, Gasteizen, Blusa eguna) ez da jai egun ofiziala izango Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Beraz, Eusko Jaurlaritzak urteko lan egutegian 12 jai egun ofizial zehazten ditu eta beste bi egun Aldundiaren eta Udalaren esku uzten ditu. San Prudentzio eguna mantenduko da, apirilaren 28an; aldiz, 2014ra begira, geratzen den beste jaieguna zehaztu beharra dago. Hori dela eta, Blusaren eta Andra Mari Zuriaren egunaren artean aukeratu beharko dute.


Irudia: Gasteizko Udala eta Twitter

Egilea: Zuriñe Etxeberria

 

 

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide