Udalak hiriko kale katuen harrapatzeak areagotu dituela salatu dute ekologistek

hirinet 2013ko uzt. 9a, 12:31

kalekatuakGasteizko ekologisten eta animalien aldeko hainbat taldek hiriko kaleko katuek jasaten duten ‘harraparitzarekin’ amaitzeko estrategia zehaztu zuten aurreko astean egin zuten bileran. PSE eta EH Bilduko hainbat zinegotzi bertan egon ziren eta egoera salatzea eta publikoa egitea adostu zuten bertan.

 

Andres Illana Naturaren defentsarako eta ikerketerako arabar taldeko (Gaden) kideak esan bezala, “Osasun eta Kontsumo Saileko (OKUS) teknikariek hiriko kale katuak harrapatzen dituzte. Are gehiago, askotan adin txikiko katakumeak amarik gabe uzten dituzte eta azkenean, gosearen eraginez hiltzen dira”.


Teknikariek harrapatzen dituzten katuak Armentian kokatzen den Animaliak Babesteko Zentrora eramaten dituzte eta bertan, antzutu gabe eta, legeak zehazten duen 30 eguneko epea errespetatu gabe (animaliaren jabea agertzen bada), udalerritik kanpo eramaten dituzte. Elkartearen aburuz, egoera hau paradoxikoa da, otsailaz geroztik Armentian ez baitituzte Gasteiztik kanpoko katu abandonatuak hartzen.


Horrela, kalean bizi diren katuen kudeaketa oso bestelako izan zitekeela diote ekologistek. Izan ere, 2006an Gadenek kale katuen koloniak modu egokian kudeatzeko beharra planteatu zion udalari; katuak harrapatzea, antzutzea eta zeuden lekura bueltatzea, non bolondresen talde batek euren mantenuaz arduratuko zen. Ideia bere horretan geratu zen eta orain urte bete animalien aldeko elkarteak proiektu bera aurkeztu zion Okus-ari. Hasiera batean udalak baiezkoa eman bazuen ere, azken momentuan Osasun eta kontsumo sailak berak ezezkoa ematea gomendatu zion udalari, nahiz eta, Illanaren esanetan, proiektuaren mantenuak ez luke gasturik izango. Horren harira, kale katuen harrapatzeak gora egin duela salatu du elkarteak, batez ere, bolondresak katuei jaten ematen dieten leku horietan. “Probokazio bat dela dirudi”, gaineratu du Illanak.


Azkenik, animalien aldeko elkarteak Armentiako Animalien Babeserako Zentroa animaliak babesteko lekua izan beharrean, animaliak akabatzeko zentroa dela dio. “Urtero 2000 uso inguru akabatzen dituzte eta txakurren kasuan, APA SOS elkatekoek txakurrak Alemaniara bidaltzeko konponbidea bilatu zuen arte, egunero hiru akabatzen zituzten”, dio Gaden elkarteak.

 

Irudia: Gasteizko Udala

 


 



ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide