Garoñaren kontrako martxa, azkena ote?

hirinet 2013ko uzt. 5a, 10:19

garonaIgande honetan, uztailaren 7an, Barcina del Barcotik (Burgos) abiatuta, zentral nuklearraren aurkako “azken martxan” parte hartzeko deia luzatu du Garoñaren kontrako koordinakundeak. Eguerdiko 12.00etan hasiko dute protesta eta kilometro bat inguru egingo dute oinez, zentral nuklearraren atera heldu arte, bertan amaituko da ekimena. Martxa jendetsua izatea espero da eta Logroño, Burgos eta Madril bezalako hiriburuetatik ere autobusak antolatu dituzte. Santa Maria de Garoñan kokatutako zentralak bihar, uztailak 6 dituenean, itxi beharko ditu ateak, ustiapen baimena amaitu baitzaio.


Garoñako zentralak abendutik argindarra sortzen ez bazuen ere, langileak bestelako zereginak egiten ibili dira planta barruan eta oraindik ere, bihar ustiapen baimena amaitu arren, bertan jarraituko dute. Zentrala eraisteko prestaketa lanak egin beharko dituzte orain, baina zentrala berriro irekitzeko aukerarekin ere lan egingo dute.


Arabatik kilometro eskasetara kokatuta dagoen zentral nuklearrari bihar bertan ustiapen baimena amaitzen bazaio ere, azken asteotan argitaratu diren berriak kontuan hartuz gero, gaur-gaurkoz, Garoñaren bizitza ezin daiteke guztiz amaitutzat jo. Batetik, Nuclenorrek, zentrala kudeatzen duen enpresak, aste honetan jakinarazi dio langile batzordeari oraindik Burgoseko planta berriro irekitzeko aukera dagoela. Uztailaren 8tik aurrerakoa “trantsizio epe” bat besterik ez dela izango gehitu du Nuclenorrek.


Bestetik, El Confidencial Digital atariak argitaratu duenez, Espainiako Gobernuak hiru urteko epean Garoña berriro ere martxan jartzeko plana omen du. Albistean irakurri daitekeenez, nuklearra martxan jartzeak dirutza suposatuko luke eta inbertsio hori egin ostean 2019 urtetik harago funtzionatzen egotea aurreikusten dute.


Egilea: Zuriñe Etxeberria

 

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide