Oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileak greban, astelehenetik aurrera

hirinet 2013ko uzt. 4a, 17:14

iparraldeko-oinarrizko-gizarte-zerbitzuaGreba egingo dute oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileek astelehen honetatik aurrera. Halaber, langile batzordeak deitutako greba honek iraupen mugagabea izango du. Igaro den maiatzaren 23an Javier Maroto alkateak dekretu bidez zerbitzu hauetako sei langileren lanaldiaren herena murriztu zuen, beste irtenbiderik eman gabe. Erabaki honek sortutako ezinegonak bultzatuta protestaldia hastea erabaki du oinarrizko gizarte zerbitzuetako langile batzordeak.

Hala ere, azken langile hauek jaso dituzten murrizketak ezin dira modu isolatuan ulertu eta halaxe jasotzen du langile batzordeak igorritako oharrean. “2011ko abenduan San Antonio kaleko egoitzan lan egiten zuten 17 administrari kaleratu zituzten, 2012ko ekainean 5 gizarte langile gehiago eta aurtengo martxoan beste 6 lagun kaleratzen saiatu dira”, gogoratzen dute.


Zentzu berean, kaleratzeak eta lanaldi murrizketa hauek ematen ari diren bitartean lan kargak nabarmen egin duela gora salatzen dute, “tamalez, gero eta gehiago direlako zerbitzu hauen beharra duten bizilagunak”. Edozein gizarte arazo artatzeko, gehienetan bazterketa sozialarekin loturikoak, lehen instantzia da gizarte zerbitzuetako langileen zerbitzua. Lan baldintzak okerrera doazen heinean, ordea, eskaintzen den zerbitzua “kalitatezkoa izatea” bermatzea gero eta zailagoa ari da suertatzen.


Honegatik guztiagatik, hilaren 8an ekingo diote grebari. “Lanaldiaren murrizketa suposatu duen dekretuaren indargabetzea, ordezkapenak bermatzea, kategoria ezberdineko kontratuak sendotzea eta langileen jasaten duten kargaren inguruko azterketa bat” egitea aldarrikatzen dute.


Irudia: www.vitoria-gasteiz.org

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide