Toti Martinez de Lezea: “Edozer gauza egiteko nork bere buruan izan behar du konfiantza, hori da garrantzitsuena”

hirinet 2013ko uzt. 3a, 11:43

Toti-martinez-de-lezeaEleberriak, umeentzako ipuinak, nerabeentzako istorioak... guztiak ditu gustuko Toti Martinez de Lezea idazleak, ezingo luke bat aukeratu, izan ere, oso ondo pasatzen du istorioak asmatzen eta idazten. Inoiz ez zuen pentsatu idazle “profesional” bat izatea eta lehen eleberriak argia ikusi zuenean poztasun handiz hartu zuen.


Itzulpengintzan eta telebista publikoan aritu ostean, bat-batean, idaztearen aldeko apustu tinkoa egin zenuen. Zerk bultzatu zintuen?

Beste gauza batzuk egiteko garaia zela sentitu nuen, hala ere, betiko bizimoduarekin jarraitu nuen. Beti egin izan dut lan etxean, modu batean, telelangile aurreratua izan naiz!


Emandako pausoa aukeraketa ona izan zen edo noizbait izan duzu atzera egiteko gogoa?

Ona izan da, bai. Une bakoitzean gustuko dudana egin dut eta ondo funtzionatu du, gainera. Itzulpenak, antzerkia, telebista... eta orain literatura. Edozer gauza egiteko nork bere buruan izan behar du konfiantza eta hori da, nire ustez, garrantzitsuena.


Nolakoak izan ziren lehenengo urratsak?

Lehen eleberria idazten bukatu eta hura gorde nuen. Ostean, beste istorio batekin hasi nintzen, baina argitaletxe bati ere ez nion bidali, ez bainuen ezer espero.

Hirugarren liburua amaitu eta gero, argitaletxe batzuetara bidali nuen, baina itzuli egin zidaten. Inoiz ez nuen pentsatu idazle “profesional” bat izatea, hortaz, beste istorio batekin jarraitu nuen, oso ondo pasatzen baitut idazten. Eta, oraindik ere, oso ondo pasatzen dut!


Hain zuzen ere, Judu-kalea eleberriarekin hori gertatu zen, baina, azkenik liburuak argia ikusi zuen. Zer etorri zitzaizun orduan burura?

Irribarre handi-handi bat margotu zitzaidan ezpainetan eta horrela egon nintzen egun batzuk... Aurkezpena familia eta lagun artean egin bazen ere, publizitaterik egin gabe, leku askotan agertu zen eleberria. Une garrantzitsua izan zen.


Sorginen inguruan ere idatzi duzu eta Ilargiaren Alaba dugu horren adibide.  Gogor zigortuta izan ziren emakume hauekiko gertutasun berezi bat adierazten duzu...

Ilargiaren Alaba gazteei zuzendutako lan txiki bat besterik ez da. Sorginak liburua, aldiz, lan sakon bat da, bertan gure historioa, sinesmenak eta ohiturak islatzen dira. Tolerantzia eta justizia ezaren inguruan ere hitz egiten dut liburu honetan.


Eta emakumeez ari garela, Urak Dakarrena aipatu behar dago. Euskal kostaldeko 35 emakumeren istorioak... Nolakoa da, zure ustetan, euskal emakumea?toti-urak-dakarrena 

Indartsua, noski! Euskal emakume guztiak dira nahiko indartsuak, baina kostaldekoak bereziki. Bakarrik egotera ohitu egin dira, beren gizonak urrun zeudelako. Bakarrik lan egiten, umeak zaintzen, bakarrik gerretan...


Haurrentzako ere lekutxoa bilatu duzu. Etxean agertu zen arratoi batekin hasi zen Nur seriearen abentura...

Bai! eta dagoeneko seriearen 10.ena idazten nabil. Nur gure biloba bakarra da eta, dudarik gabe, berarentzako zerbait idatzi behar nuen, baina ez nuen uste, inondik inora, hainbesteko arrakasta izango zuenik.


Eleberriak, haurrentzako ipuinak, nerabeentzako istorioak... zein duzu gustukoen?

Guztiak. Borondatea izanez gero, idazle batek edozein literatura idatzi dezakeela uste dut.


Idazterako momentuan, aurretik guztia duzu buruan edo aurrera egin ahala joaten zara istorioari forma ematen?

Ideia bururatzen zaidanean, ahalik eta gehien dokumentatzen saiatzen naiz eta leku ezberdinak bisitatzen ditut. Idazten hasten naizenera arte, aldiz, ez dira gaiak, pertsonaiak eta istorioaren bukaera agertzen.


Idazteaz gain, hitzaldiak eman eta kolaborazioak egiten dituzu. Ba al dauka Totik denbora librea?

Bada, ez asko! Baina telebistarik ez dut ikusten. ezta kakorratz-lanik egiten ere. Normalean, arratsaldez egiten dut lan... edo gauez! Denbora librea familia eta lagunartean ematen dut. Musika, internet eta liburuak ere oso gustuko ditut.


Argazkia: Aritz Albaizar

Egilea: Zuriñe Etxeberria

 

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide