Euskal kultura Bartzelonan

hirinet 2013ko uzt. 1a, 14:06
2-euskal-kultura-bartzelonaEtxetik kanpo ikastea eta hiri, giro zein kultura berriak ezagutzea esperientzia positibotzat hartu izan dira beti. Iñaki Bastidak, Mirari Arriolak eta Alex Martinezek, lehenengo pertsonan horrelako esperientzia bizitza, aurreko baieztapenarekin bat egiten dute.

 

Kimikan graduatutako ikasle azpeitiar bat, aurten Zuzenbidean lizentziaturiko oriotar bat eta Arkitektura ikasle irundar bat; hirurek egungo bizitokitzat dute Bartzelona. Iñakik Batxilergoko bigarren maila amaieran erabaki zuen Donostian baino, Bartzelonan egingo zuela Kimikako gradua. “Kurtsoa bukatzeko bi hilabete falta zirela, gelako batekin hizketan, bera Bartzelonara Ikus-entzunezko Komunikazioa egitera zetorrela eta, ordu laurden batean ni ere Bartzelonara etortzeko konbentzitu ninduen”. Lau urte pasa dira jada elkarrizketa horretatik eta aurten amaitu du gradua.

 

Alexi, bestalde, gurasoen aldetik heldu zitzaion Irun utzi eta Kataluniarako jauzia egiteko bultzada. Gurasoak bertan ikasiak ziren eta begi onez ikusten zuten euren semeak frogatzea beraiek bizi izandako esperientzia. Gainera, Batxilergoko notengatik beka bat lortu zuen, arazo ekonomikoak baztertuta geratuz. “Fakultatea etxetik hurbil eduki izanez gero ziurrenik ez nintzateke Bartzelonara etorri izango, baina Donostiara egunero ordu t’erdiko bidaia nuen eta gurasoak animatzen izanda… Ez zitzaizkidan zalantza asko geratu”. Hau Bartzelonan ematen duen seigarren urtea da eta hurrengoa, lizentziaturako azkena -hori espero duela, “behintzat” aitortu du- Argentinan egingo du.

 

Mirarik Donostian hasi zituen Zuzenbideko ikasketak, baina hirugarren urtean Erromara joan zen Erasmus bekarekin. “Sekulako esperientzia suposatu zuen. Berriz ere kanpora joan nahi izan nuen baina lizentziatura bukatzeko ez nintzen estatutik atera nahi, plan berria dela eta, konbenioko ikasgai guztiak ondo konbalidatu nahi nituelako aurten bukatzeko”. Beraz, Sicue-Séneca beka eskatu eta Bartzelona aukeratu zuen.

 

Hirurentzat Euskal Herria utzi eta Kataluniara aldatzea bizipen izugarria izan da: jende berria ezagutu, kultura desberdin batekin kontaktua izan… Baina hala ere ez da erraza giro arrotz batean etxeko giroa faltan ez botatzea. Bartzelonako giroa, hain hiri kosmopolita izanda, ez du zerikusirik Mirari, Alex edo Iñaki ohikoa zuten euskal giroarekin. Bartzelonako Euskal Etxeak lortu zuen hutsune hori modu batera edo bestera betetzea. Gazte (eta ez hain gazte) euskaldunekin elkartzeko aukera eman zien hirurei eta, aldi berean, euskal tradizio eta ohiturekiko lotura mantentzeko, Euskal Herritik kilometroetara egonda ere. Zehazki, Euskal Etxeko dantza taldeak elkartu zituen.

 

euskal-kultura-bartzelonan-Alexek kasualitatez izan zuen taldearen berri. “Mintzalagunera apuntatzera hurbildu nintzen Euskal Etxera. Itxoiten nengoen bitartean aukeran zeuden beste ekintzak begiratu nituen eta orduan enteratu nintzen taldea zegoela.” Aurretik dantzatan ibilia ez izan arren, ikasteko gogoak izan zituen beti eta unibertsitateko lan karga oso handia ez zenez taldean hasteko erabakia hartu zuen.

 

Euskal giroaren faltak bultzatu zuen Iñaki Euskal Etxera. Txikitan Azpeitiako Itsasi taldean aritu zen eta bertan ikasitako dantzak praktikatzen jarraitzeko aukera ona iruditu zitzaion taldean sartzeak. Mirarik, ordea, hasieratik ezagutzen zuen taldea. “Gure pisuan aurrez bizi zen beste donostiar bat eta beste lagun bat ere bertan jardunak ziren eta horrek animatu ninduen”. Gainera, Iñakiren antzera, txikitatik hasi zen dantzetan, lehenbizi Orioko Musika Eskolan eta geroago Harribil dantza taldean.

 

Bakoitzak arrazoi desberdinengatik sartu bazen taldera, denek sentimendu berarekin utziko dute aurten: penarekin. Nabarmena da taldeko gazteen artean dagoen giroa ezinhobea dela. Asteartero elkartzen dira Euskal Etxeko txokoan eta denen artean prestatzen dituzte dantzak, aktuazioak, afariak… Euskal Herriko toki desberdineko gazteak batzen dira eta elkarrekin pasatutako orduek harreman onak eta sendoak sortu dituzte. “Familia txiki baten modukoa da”, dio Mirarik. Alexek argi dauka Korrikako ekitaldia prestatzeko enkargua izan zela taldea batzen lagundu zuenak. “Abenduan Gràcia auzotik trikipoteo bat antolatu zuen Euskal Etxeak, bazkari eta guzti. Bazkarira taldeko batzuk joan baginen ere, laster sakabanatu ginen. Baina Korrikako egunerako, martxoan, hainbeste entsaio eta elkarrekin emandako orduen ondoren, kuadrila baten antzera aritu ginen”.

 

Talde barnean ez daude “irakasle/ikasle” moduko hierarkiazko harremanak, dena denen artean prestatu eta antolatzen dute. Esate baterako, dantza bat ikasten hasten direnean, aurretik dakienak erakusten du. Hala ere, badaude koordinatzaile papera betetzen dutenak: dantza taldean denbora gehien edota gehien inplikatzen direnak izaten dira. Kurtso hasieran, taldea nola dagoen ikusita, bolondresak bilatzen dira taldea zertxobait antolatzeko. Aurten Iñaki eta taldeko beste neska bat, Maitane, arduratzen dira gazteak antolatzeaz.

 

Bai Mirarirentzat zein bi mutilentzat dantza taldeak euskal kulturarekiko erlazioa mantentzen laguntzen dien ekintza bat da. Azken finean, kultura da herri baten nortasuna eta bilakaera biltzen dituena, beste herriengandik bereizten dituena. Horretan datza dantza taldearen eta, orokorrean, Euskal Etxearen garrantzia: sorterritik urrun dauden euskaldunentzat euren kultura bizirik mantentzeko eta, aldi berean, munduari ezagutarazteko modu bat dira. “Guk ez badugu gure ondarea zaintzen, nork egingo du?” galdetzen du Iñakik.

 

Euskal kultura Europako kultura zaharrenetariko bat da. Geroz eta globalizatuagoa dagoen mundu honetan zaila dirudi ohitura zaharrak mantentzea, baina Mirarik, Iñakik, Alexek eta dantza taldeko gainerako gazteek posible dela erakusten dute. Apurka-apurka, euskal dantzak ezagutarazten doaz arrotzak diren inguru batean, ekintza txikiekin batzuetan zein ekitaldi garrantzitsuetan (ACT ligako lehen estropadetan, Bartzelonan antolatutakoak, edota bi urtero Korrikako jaian parte hartu dute, adibidez).

 

Gazteak dira orain kultura zahar hau berpiztu behar dutenak, euskal dantzetan jarduten Bartzelonan zein euskaraz aritzen munduko edozein lurralde urrunean. Izan ere, Jan Mládek politikari poloniarrak zioen moduan: “Herri bat bizirik jarraituko du bere kultura bizirik jarraitzen duen heinean”.

 

Argazki-erreportaje osoa

 


 

 

 

Egilea: Olatz Alonso

 



ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide