Aurreko hitzarmenean eta borroka gogorraren ostean, gure lan baldintzak Osakidetzako langileek dituztenekin homologatzea lortu genuen.
Hitzarmena sinatu eta ondorengo urteetan, Osakidetzako langileen lan eskubideetan aldaketak eman ziren baina hauek ez ziren gure hitzarmenean islatu lan baldintzak hobetzea suposatzen zuelako.
Azken urte hauetan ordea, ematen ari diren aldaketek murrizketak dakartzate eta kasu honetan garbiketako kontratak, Araban GARBIALDI eta MASTERCLIN, aldaketa hauek aplikatzen ari dira, langileentzat onak zirenean aplikatzen ez zituztenean.
Orain pausu bat aurrera eman dute, eta hitzarmenaren indarraldia bukatu denez eta berriro negoziatu behar dela aprobetxatuz, dauden eta egongo diren murrizketak guk sinatzea nahi dute hitzarmen berrian.
Gauza bat da patronalak aldebakarrean murrizketa guztiak aplikatzea eta beste gauza desberdin bat da guk sinatzea, men egitea eta onartzea. Ados ez gauden neurrien kontra borrokatzeko eta mobilizatzeko eskubidea lapurtu nahi digute.
Uztailaren 7an hitzarmena galdu dezakegula badakite eta horretaz baliatzen dira guri xantaia egiteko.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari bilera eskatu diogu egoeraz informatzeko eta mediatzeko gatazka honi bukaera emateko
Osakidetzaren ardura da garbiketako zerbitzuan erabiltzen den diru publikoa, zerbitzuaren kalitatean inbertitzen dela ziurtatzea eta ez enpresa pribatu batzuen mozkinak handitzean.
Osakidetzak enpresei exijitu behar die langileok eskuratu ditugun lan eskubideak bermatzea eta mantentzea eta hala egin ezean, eskubideak bermatuko dituen beste enpresa batera joko duela.
MURRIZKETARIK GABEKO HITZARMENAREN ALDE
Egilea: LAB sindikatua
Osakidetzako garbiketako langileak protestak eta mobilizazioak egiten hasi dira, Garbialdi enpresarekin duten gatazka salatzeko eta euren lan eskubideak aldarrikatzeko asmoz. Hauxe da LAB sindikatuaren idatzia.