Arroparen atzean dagoena erakusteko egitaraua antolatu du Setem GKEk

hirinet 2014ko martxoaren 10a

SETEM Hego Haizeak koordinatzen duen Arropa Garbia egitasmoaren barruan kokatzen den  Soldata Duinen kanpainak janzten dugun arroparen alde iluna erakusten du.

 

Zehazki, guk erosten dugun arropa egiten duten langileen soldata kaskarrak eta lan-baldintza arriskutsuak erakusten digu kanpaina honek eta honako galdeei erantzuna ematen saiatzen da; Zer ote dago etiketa eta salneurrien atzean? Zer da marka handiek guk jakitea nahi ez dutena? Zein da ehungintzan lan egiten duten langileen egoera? 

 

Horretarako, hurrengo egunetan hainbat ekintza antolatu ditu Iparralde Gizarte Etxean.

 

‘Nuestra moda trae tela’  erakusketa

Martxoaren 24ra arte,  Iparralde Gizarte Etxeko Erakusketa gelan. Ehungintzari buruzko errealitatea azaltzen den erakusketa interaktiboa.

 

Arropa birziklatzeko tailerra

Truca Rec kolektiboaren eskutik martxoaren 13an, ostegunean, 18.00etan. Mozteko, josteko, hitz egiteko, diseinatzeko eta, azken finean, sortu eta ongi pasatzeko tailer bat izango da. Prozesu errazen bidez arropari bizitza ematen zaio berriro.

Izena emateko:  vitoria-gasteiz@setem.org

 

Hitzaldia : ‘Ehungintzan aritzen diren emakumeen duintasunaren aldeko borroka’

Martxoaren 18an, asteartean, 19.00etan. Kontsumitzen dugun arropak daukan alde ezkutua ezagutu nahi al duzu? Erdialdeko Amerikan lan eskubideen defentsa proiektu boluntarioetan parte hartu duen pertsona baten bitartez ezagutu ahal izango duzu ehungintzaren egoera.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago