Auzoarekiko maitasuna zein auzo-ehuna sortzeko gaitasuna bezalako oinarriek sustengatzen dute Zaharraz Harro!

hirinet 2013ko eka. 26a, 09:00

ZH-2013-prentsa-argazkiaZaharraz Harro!ren bosgarren edizioak hilaren 30era bitartean kolereztatuko ditu Alde Zaharreko kale eta kantoiak. Jai herrikoiak eta parte hartzaileak diren heinean, gasteiztarrak gonbidatu nahi dituzte aurtengo programazio anitzarekin goza dezaten.

Gasteizko alde zaharreko jai herrikoiak, zertan dira ezberdinak?

Ezberdinak? Ez daude erabat berdinak diren bi jai, are gutxiago jaiek izaera herrikoia baldin badute. Guk sustatzen ditugunen ezaugarri bereizgarrienak aldiz, hiru direla esan ohi dugu. Baga, gure auzoko harri zaharrak goraipatu baina bertan bizi garenon eta bizitza egiten dugunon inguruan gaizkiesanka aritzen direnen aurrean, auzo harrotasuna bultzatzea. Biga, autogestionatuak izatea, auzotik auzoarentzat eginak. Ez bakarrik arlo ekonomikoan. Horretan ere, baina baita egitaraua osatzeko artistak edo pertsonak bilatzeko orduan, azpiegiturak lortzerakoan… Auzo-ehuna da gure baliabide nagusia, eta auzo-ehuna indartzen saiatzen gara aldi berean. Higa, parte-hartzaileak izatea. Erabiltzearen erabiltzeaz zentzua galtzen ari den hitza denez, jarri ditzagun adibide batzuk. Asanblada sustatzailearen bilerak hasten direnean, portaleoa egiten dugu auzoan auzokideak gonbidatzeko, bai asanbladara bertaratzeko, bai egitarauari begirako edozein ekimen antolatzeko. Berdin Alde Zaharreko elkarte, herri mugimendu, taberna eta komertzio guzti guztiei ere. Ahaleginak, pixkanaka,  fruituak ematen ditu. Modu batera edo bestera, aurten, 160 komertzio eta taberna baino gehiagok lagundu dute Zaharraz Harro! eta 50 kolektibo inguruk hartzen dute parte.


Eta hau guztia antolatzeko, zeintzuk dira zuen baliabideak?

Auzoa maite dugunon prestutasuna jai aldarrikatzaile hauen alde egiteko. Nork bere gaitasunak musu-truk eskaintzeko. Horren sinplea, eta horren konplexua. Bakarrik horrek azaldu dezake instituzioek bultzatzen duten jai eredu merkantilistaren begiradatik azaldu ezina litzatekeena: Auzoko komertzio eta tabernari txikien ekarpenetatik jaiotzen den aurrekontu txiki batek, honen moduko egitarau erraldoia erditzea.


Autogestioa duzue oinarri. Zeintzuk liratezke lan egiteko modu honen ezaugarriak?

Berriz ere nabarmendu nahi dugu autogestioa ez dela diruaren alorrera mugatzen dugun kontzeptua. Zaharraz Harro!ren filosofia osoa dago autogestioari estuki lotua. Zaharraz Harro!, nagusiki, dei bat da, auzokideei, auzoan bizitza egiten dutenei, eta elkarte mota guztiei zuzendua. kantoiarte


Bost urte igarota, jada ia azaltzeko beharrik ere ez dugu izaten. Baina lehendabizikoz norbaitengana jotzean parte hartu dezan animatzeko, hau da azaltzen zaiona gutxi gora behera: Gu astero biltzen den asanblada ireki bat gara, auzokideok eta auzoko eragile ezberdinok osatzen duguna. Asanbladatik gauza gutxi batzuk antolatzen ditugu. Beste guztia, kolektibo, komertzio, taberna edo pertsona jakinek beraien iniziatibaz antolatzen dute. Baliabide batzuk eskaintzen zaizkie posible izatekotan (azpiegitura, musika ekipo bat…) baina gure konpromisoa batez ere ekintza horiei guztiei oihartzuna ematea da propaganda lan handi baten bitartez. Inork ez du dirurik jasotzen ezer antolatu edo eskaintzeagatik. Aurten esaterako, ia 70 ekimen ezberdin daude, eta horietako 5 soilik antolatzen ditu Zaharraz Harro!ren asanbladak zuzenean (umeen eguna, zaharrena, Aldarrikapen Altxorra, herri bazkaria, guatekea…) . Gainontzeko guztiak, kolektibo, auzokide eta komertzio ezberdinek antolatutakoak dira, autoantolaketa eta autogestioa oinarri. Meritua beraz auzoarena da.


Finean, esan genezake autogestioa positiboa dela saihesten dituen menpekotasunengatik, baina baita sortzen dituenengatik ere. Instituzioen diru-laguntzekiko, diruarekiko oro har,  eta unean-uneko gobernu taldearen apetekiko menpekotasunetik libratzen gaitu. Auzoaren autoantolaketa gaitasunaren, auzoarekiko maitasunaren, auzo-ehuna sortzeko gaitasunaren, aldarrikatzeko prestutasunaren… menpean jartzen gaitu aldiz, oinarri horiek sustengatzen baitute Zaharraz Harro!


Auzoko sektore ezberdinak batzea lortzen duzue gainera: gazteak, nagusiak, jatorri ezberdineko lagunak...

Ez da nahikoa oraindik ere, auzoa Zaharraz Harro! dena baina aberatsagoa delako, baina ohituta gaudenerako egia da aniztasun asko barnebiltzen dugula alde ezberdinengatik. Txikien arloan, auzoko eskolarekin eta auzoan burutzen diren udaleku ezberdinekin elkarlana egiten da; zaharrenean, Hedegile kaleko nagusien erresidentziarekin batera antolatzen ditugu ekimenak. Parte hartzen duten herri mugimenduen aniztasuna izugarria da, bere osaeran zein lantzen dituzten esparruei begira… Diptikoan atxikitzen den parte hartzaileen zerrendari begiratzeak merezi du bai, aniztasun horretaz ohartzeko.


Auzo harrotasuna erakustea duzue xede, zeintzuk dira harro egoteko arrazoiak?

Auzo harrotasuna aldarrikatzearena ez dator inor baino gehiago garenik uzte izatetik, azken hamarkadetan gure auzoaz instituzio eta komunikabide nagusietatik esan direnetatik baino. Auzoa erabat eraldatzea bilatzen duen egitasmo orokor bat garatu da urte luzeetan, Alde Zaharra, turismoan oinarrituz, etekin ekonomikoen iturburu bilakatu nahi zuena. Eraldaketa horrek komertzio mota jakin bat, kale garbiak eta mutuak, auzokide mota jakin bat eta beste eskatzen ditu.


Ondorioz, auzoaz ondo hitz egin da soilik norabide horretan eraldatzen zihoan heinean (museoak irekitzean, ranpak egitean, “kalitatezko” komertzioak irekitzen zirenean…). Eraldaketa horretan oztopo garenak aldiz gutxietsiak –auzokideak kasu-, diru-laguntzetatik baztertuak –eguneroko komertzioa adibidez-, kriminalizatuak –etorkinak, pobreak eta gorriak- edo zuzenean erasotuak izan gara –Gaztetxea-. Guk, beraiek arazo moduan bizi duten hori guztia positibizatu nahi dugu hain zuzen ere. Auzo herrikoia izatea, borrokalaria, elkartasun sareak sortzen dituena, kulturanitza…kantoiarte2


Hala ere, kriminalizazioa ere zuenera iritsi da. Hainbat lagun Auzitegi Nazionaletik igaro behar izan dira...

Hamaika lagun izan ziren hasiera batean, 15 dira jada eta prozedura irekita dago oraindik. Eraso zuzena Zaharraz Harro!k baino, auzoko preso eta errefuxiatuen inguruan elkartasuna sustatzen lan egiten dutenek eta euren senideek pairatu dute. Auzoko preso eta iheslarien senideen omenez egindako kalejira batean parte hartzeagatik deituak izan dira. Gehienak senideak hain zuzen ere, bertsolari parea eta ikusleren bat. Baina egia da bi lagunek ere Zaharraz Harro!ren partaide izateagatik jaitsi behar izan dutela.


Jaiak aurkezteko zer hobeto beste jai bat baino? Zer moduz igaro zen aurkezpen jaialdia?

Primeran! Aurten, umore saio inprobisatu bat eta Harrezian Zuloren kontzertua antolatu genituen Zaharraz Harro! jaiak bazetozela iragartzeko, eta egia esan, bi ekintza horietan jende ugari bildu genuen Gaztetxean. Prejaia horren helburu nagusia Zaharraz Harro! hurbil dagoela iragartzea izaten da, eta egia esan, urtetik urtera, gero eta jende gehiago biltzen gara bertan ere. Gainera, azken bi urteetan aurreko urteko jaietako irudiekin egindako bideo bat ere aurkezteko baliatzen dugu egun hori.


Programazioa zabala da oso bosgarren edizio honetarako, zein ekintza nabarmenduko zenukete?

Bufa! Lan zaila benetan, baina, adibidez: Munduetako Arrozak, nortasun propioa duena baina Zaharraz Harro!rekin bat egin duena bere jaiotzatik; Umeen eguna, aurten 30 bat talde dituena gin-kanarako, besteak beste; Gure zaharren arratsaldea, aurten beraien ofizioak irakatsiko dizkiguten zenbait nagusirekin (adibidez Dono zapataria); larunbateko herri bazkaria, oso aspaldian auzoan egiten zena berreskuratu nahi duena, kale batek gainontzeko auzokide guztiak gonbidatzearena. Aurten, Hedegile  kalea; Aldarrikapen altxorraren gin-kana erraldoi eta aldarrikatzailea, lehenengo urtetik ezinbestekoa; tabernetatik kale-kantoietan antolatutako kontzertu ugariak; eztabaida ezberdinak okupazioa, sexualitatea, emakumea ardatz dutenak…


Irudia: Zaharraz Harro!
Egilea: Zuriñe Etxeberria

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide