Eta okerrena, Jakes izan zintezkeela, edo Eneritz, edo Nekane, etab.

hirinet 2013ko eka. 25a, 09:15

Lierni Garmendia


- Hi, Jakes! Aspaldian ez haut ikusi ere egiten, ez zekiat non demontre sartzen haizen, motel! Ez zekiat, lau hilabete izango dituk dagoeneko azkenengoz elkartu gintuanetik, eta hura ere bost minutuko hartu-emana izan genian. Horrela ezin diagu ezer onik atera, txo!


- Bada, hemen naukak orain. Zer, zer moduz habil?


- Bagabiltzak eta ez duk gutxi azkenaldian entzuten den guztiarekin. Beldurra eta guzti sartzen zaidak gorputzean. Gutxien espero denean edozein eror litekek, harrapatuta geratu, ezin atera. Latza zegok bizitza orain. Zortekoak gaituk etxean oraingoz ondo gaudek eta, ezin gaituk kexatu.


- Bai, ondotxo zekiat zertaz ari haizen! Halere, nik ezin diat gauza bera esan. Nire neska ere horrela zebilek, ezin zulotik atera.


- Bai ala? Nekane? Gaixoa, neska langilea duk eta. Etorkizun oparoa ikusten nioan aurretik. Eta hik nola daramak kontua?


- Bada, ahal den moduan, dena bezala. Ez duk erraza, baina onartzen hasita nagok, ez zegok besterik oraingoz eta.


- Hi, ez ezak lur jo, aterako haiz, eta baita Nekane ere. Orain garrantzitsuena Nekanek hire laguntza izatea duk.


- Bazekiat, baina ez duk esatea bezain erraza. Lur jota zebilek, erabat gainera. Gau eta egun lan eta lan ibilita ere ez dik ezertxo ere aurkitzea lortzen. Zero. Ez duk lanposturik heltzen, baina faktura bai, horiek tonaka heltzen dituk. Erabateko desoreka diagu. Ez zekiat nola aurre egin guztiari. Ez zekiat nondik atera, ez diat biderik ikusten.


- Hi, baina gutxienez hik lanean jarraitzen duk, ezta?


- Bai, hala duk. Baina ez askorako. Enpresa ixtear zegok eta gu kalera joango gaituk laster. Hiru hilabete botatzen zizkioagu asko jota. Pentsa, langileon artean apustuak egiten hasita zegok jendea ea enpresa noiz eroriko den.


- Tira, akaso humore apur batez hartzea onena, bestela okerrago izango duk eta seguru.


- Bai, horrela ikusi nahi niake, baina ez gaudek barre eta algara ibiltzeko.


- Hara, ezagutzen duk Eneritz, ezta?

 

- Martinen arreba? Institutu garaian desagertu zuan hura?


- Ez, hori ez. Antza denez Martinen arrebak institutua utzi behar izan zian aitari bihotzekoak eman eta etxera dirua ekartzeko lanean hasi behar izan zialako. Ez, beste Eneritz bati buruz ari ninduan. Eneritz, ilehoria?


- Ez zekiat nor den.


- Bai, motel! Anderrekin ibiltzen zuan duela gutxi arte.


- Eneritz, zera, aitaren enpresan lan egiten ziana, jakina! Utzi egin al ditek?


- Bai, motel. Tira, kontua duk Eneritz ere lanetik bota ziatela enpresa itxi behar ziatela eta. Gainera, haren kasua okerragoa zuan, enpresak bost hilabeteko soldata zor zielako. Bada, azkenean ezin izan ziaten ordaindu, eta orain abokatutan sartu dituk langile guztiak. Horiek okerrago zeudek hire aldean, beraz lasai, aterako haiz.


- Ez, lasai, guk ez diagu halakorik, zorteko izan gaituk, ordaindu beharrekoa ordaintzen zigutek.


- Ikusten?


- Bai, akaso arrazoi duk.


- Positiboa izan behar duk. Langilea haiz eta aurkituko duk beste zerbait, ziur nagok.


- Ez zekiat. Orain jende prestatu asko zegok hortik zehar, eta nik ez diat inongo prestaketarik. Lana egin izana baino ez diat, eta niretik kanpo ezin diat ezer asko egin, jende jakina nahi ditek.


- Hi, eta denbora bat hartzen baduk apur bat prestatzeko langabezian hagoen bitartean? Ezagutzen diat hori egiten ari duanik.


- Bai, hori ere pentsatu diat. Baina nola? Zer egin?


- Horretan ezin diat lagundu.


- Nekanek ere pentsatu dik hori egitea. Gainera, berak errazago zeukak, unibertsitate ikasketak ditik eta orain masterren bat edo egingo ote dian zebilek, horrela praktikak bukatu eta enpresaren batean hartuko diten esperantzan.


- Baina gero eta garestiago zeudek horiek ere, eta laguntzak kentzen hasiak dituk antza.


- Ikusten? Traba eta oztopoa besterik ez diagu alde guztietatik. Horrela ez zegok aurrera egingo duenik, motel!


- Tira, gurasoen laguntza duan bitartean ez haiz alferrik galduko.


- Bai, eskerrak Pepita eta Andresitori, bestela galduta geundekean aspaldi.


- Eskumuinak biei nire partez.


- Emango zizkieat, hire partez.


- Primeran. Hi, andrea zain izango diat honezkero eta utzi behar haut. Ostiralean libre izango al haiz?


- Uste diat baietz.


- Ados, zerbezatxo bat hartuko diagu orduan eta kontatuko didak gehiago, zer diok?


- Noski, aspaldiko garaiak gogoratzeko.


- Ederki. Ostiralean egongo gaituk. Ondo segi ezak!


- Berdin!

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago