Arabako metalgintzak greba egingo du ostiralean

hirinet 2013ko ekainaren 19a

arabako-metalgintzaMetalgintza arloan lan egiten duten Arabako 20.000 behargin baino gehiago deituta daude grebara. Ostiral honetan egitekoa den protesta CCOO, UGT, ESK eta LAB sindikatuek bultzatu dute eta hurrengo egunotan USO eta CNT ere batzea espero dute; ELAk, ordea, ez du greba deialdiarekin bat egingo.


Langileen ordezkarien eta patronalaren arteko negoziazioak asko luzatzen ari dira eta, dagoeneko, elkarrizketak hasi zituztenetik 28 hilabete igaro diren arren, oraindik ez dute akordiorik erdietsi. Akordio bat lortu ezean, uztailaren 7an desagertu daitezke Hego Euskal Herriko metaleko herrialdeko hitzarmena, hori dela medio, aste hasieratik hasi ziren mobilizazioak Gipuzkoan eta hilaren 21ean Araban eta Bizkaian ere emango dira.


LAB sindikatuaren ustetan, enpresek hitzarmena ez aplikatzeko “erraztasun guztiak edukitzea nahi du SEAk (Arabako Enpresarien Sindikatuak), betiere langileon eskubideak murrizteari begira”. Rajoyren lan erreformaren ondorioz, uztailaren 7an hitzarmena desagertuko balitz, balizko Estatuko metalgintzako hitzarmena aplikatuko litzateke edo bestela, Langileen Estatutoa eta honek “sekulako ondorioak edukiko lituzke langileen lan baldintzetan”. Besteak beste, urteko soldata 8.979 eurotara murriztea eta lanaldia 1.826 ordukoa izatea.


Honen aurrean, LABeko metalgintza arloko ordezkariek “nagusikeria eta fede txarra” leporatu diote SEAri “15 hilabeteko ultraktibitatea eskaintzen duelako, oraingo hitzarmena negoziatzen 29 hilabete daramatzagunean; soilik enpresariei adostutakoa ez aplikatzeko erraztasunak besterik ez baitu bilatzen; hitzarmena amortizatutzat ematen dutelako eta maiatzean hasi direlako ikastaroak antolatzen enpresariei irakasteko nola aprobetxatu uztailaren 7tik aurrera eman daitekeen egoera; eta, nagusikeria Arabako enpresariak presionatzen dituztelako enpresetan erreforma goitik behera aplika dezaten”.


Metalgintzako greba babestu duten sindikatuen arabera, SEAk zatiketa bilatzen du langileek duten indarra ahultzeko. Hori dela eta, aipatutako blokeoa apurtzeko eta egoerari buelta emateko xedez, erantzun “indartsuak eta komunak” emateko unea iritsi dela deritzote mobilizaziora batu direnek. Helburua herrialdeko hitzarmena “negoziazio esparru moduan” defendatzea da, Araban negoziatu daitezen langileen lan baldintzak.


Horiek horrela, ostiralean greba burutuko dute Arabako metalgintzan eta herrialdeko hitzarmenaren defentsan mobilizazio bi iragarri dute. Batetik, manifestazioa eguerdiko 12.00etan Bilbo plazatik abiatuta; eta bestetik, kontzentrazioa egingo dute SEAk Korreos plazan duen egoitzaren aurrean 19.00etan.


Argazkia: LAB sindikatua

Egilea: Zuriñe Etxeberria

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago