Murgiak mende bat atzera egingo du Zuia euskaraz eguna ospatzeko

hirinet 2013ko eka. 19a, 11:35

zuia-mende-bat-atzeraDatorren asteburuan Murgiak mende bat atzera egingo du; herria itxuraldatuko da eta XX.mende hasierako hainbat ohitura berreskuratuko dira.

Honekin, Murgia nolakoa zen gogoratu nahi dute antolatzaileek (Zuiako Udalak, Bidabarri elkarteak eta Zuiako gau eskolak), hots, euskarak beste presentzia bat zuen garai hura, beste era bateko ohiturak bizirik zeuden garai hura ekarriko dute gogora. 

 

Ekintza hau urtero egiten den Zuia Euskaraz Eguna ospatzeko prestatu dute. Urteroko hitzorduez gain (landa-bazkaria, arratsaldeko erromeria) aipatutako ekintza bereziaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek, esan bezala, ekainaren 23ko goizean zehar Murgiako herria itxuraldatu egingo da goitik behera. Goiza latinez eta euskaraz emandako mezarekin hasiko da. Ondoren etorriko da elizako paretan jokatutako putxea, herriko agintarien bisita ofiziala, orain dela mende bateko kalejira, ofizio zaharren erakustaldia, taberna eta denda zaharraren irekiera… “Murgiara bisita egiten duenak, denboran salto bat egingo du”, azaldu dute antolatzaileek.


Horrez gain, ekainaren 24a, San Juan eguna, aurten festa eguna denez, iluntzera eta gauera erezabaldu dute egitaraua: 20:30etan dantza plaza egingo da udaletxe plazan; 22:30etan San Juan sua egingo da, eta ondoren dantzarako aukera egongo da, plazan bertan.


Azken urteetan bezala, zuiarrek ekainean dute urteroko zita euskararekin. Hilabete osoan zehar, euskararen erabilera indartzeko helburuarekin, era guztietako jarduerak antolatzen dituzte, festa kutsua emanez, eta euskara kalera ateratzeko asmo irmoarekin.


Informazio gehiago: Zuia Euskaraz Eguna egitaraua

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago