Enpanada

hirinet 2013ko eka. 13a, 14:23

enpanadaAzken boladan apur bat bazter utzirik nituen sukalde lanak. Hala ere, lehengo egunean animatu, eta enpanada bat egin nuen (sei lagunek gustura jan genuen, eta zertxobait soberan geratu zen). Bazuen zerbait galegotik, eta bazuen bertze zerbait inprobisaziotik. Oraintxe azalduko dizuet nola izan zen jolasa.

 

Gehientsuenek jakingo duzuen gisan, enpanadak bi osagai ditu, nabarmen; barrubetea eta hura inguratzen duen orea. Sekretua (sekretuetako bat, izango baitira gehiago, ziur) prozeduran dago. Hara:


enpanada_osagaiakLehenengo barrubetea prestatu nuen. Bi tipula ttipi (eder bat izan banu, lan gutxiago), piper gorri eder baten erdia, bertze bi piper berde, azenario majo bat eta dozenerdi baratxuri fresko txiki-txiki egin eta oliotan jarri nituen, emeki-emeki sueztitzen. Olio dezentetan jarri, gainera (garrantzitsua da olio asko xamar erabiltzea, prozedura bete nahi bada).


Azenarioa (amonak zainoria erraten zion) ez da derrigorrezkoa, eta baratxuriak arruntak izan daitezke, baina nire hozkailuan bi horiek eltze-eskean ari ziren, eta...

Hogei bat minutuz aritu ziren denak dantzan, oliotan, bigundu arte. Momentu horretan bakailaoa gehitu nien (nik uste, onena bakailao-gazi gezatua dela. Nik bakailao freskoa erabili nuen, baina azken orduan hasi nintzelako lanean), baita gatza, piperbeltza eta piperrauts gozoa ere. Minutu batez astindu, eta listo lehenengo partea. Hozten utzi nuen.


Gero oreari ekin nion. Ontzi batean kilo erdi ogirin jarri nuen. Hari 200 ml ur gehitu, gatz apur bat, piperrauts gozo apur bat (azken biak norberaren arabera), okinek erabiltzen duten legamia pixka bat (ez dakit ba, intxaur erdi bat adinakoa-edo) eta... barrubetea prestatzeko erabili dugun olioa, hamar-hamabi goilarakada (hara hor prozeduraren garrantzia). Guztia nahasi nuen, hasieran koilara batez, eta gero eskuz oratu, ukimenerako eta ikusmenerako ore homogeneo bat bihurtu zen arte. Oreari nahiko eragin nion jakiteko, pelotatxo bat hartu nuen eta zabaldu eta luzatzeari ekin nion. Ez zen berehalakoan puskatzen, eta ia-ia garden izateraino luzatu nuen. Ongi oraturik zegoela seinale. A, eta arestian erran ez badut ere, lehenengo legamia uretan disolbatu behar duzue, ogirinari eman aurretik.

enpanada_orea

Ontzian bertan utzi nuen orea ordubetez-edo, tamainez bikoiztu zen arte. Eta xouaren azken aurreko kapituluari ekin nion; muntaketa.

Orea bi zatitan egin nuen. Bat hartu eta arrabolaz (Arabar Errioxako ardo botila) zabaldu nuen, enpanadari neurria emango zion tamaina lortu arte (free style). Labeko erretiluan silikonazko xafla jarri, eta horren gainean ore luzatua jarri nuen. Orearen gainera lehendik eginiko barrubetea bota nuen (barrubeteak hozturik egon behar du eta olioa xukaturik, baina ez oso lehor). Barrubetearen gainean oliba beltzak ipini nituen, zatiturik, eta oliben gainean arrautza parea (egosiak eta txikituak, doike). Gainean orearen bertze erdia (aurreneko erdiaren gisan, ondo luzatu eta zabaldurik). Soberakina moztu, bazterrak nola-hala bildu eta lotu, arrautzaz gainaldea margotu, eta labera, azken aurreko kapitulura.


Honetan berrogei minuturen bueltan izan nuen, goitik eta behetik egurrean, 180-200 graduren bueltan. Denbora eta tenperatura labe bakoitzaren araberakoak dira, eta nahiago gehiegi ez zehaztu. Hala ere, zin dagizuet konturatuko zaretela noiz dagoen egina; kolore arre ederra, usain gozoa, tripazorriak koplatan, hirugarren sagardo botila irekitzen ari gara...


Eta azken kapitulua soilik geratzen da; ON EGIN!!

 

enpanada2


Osatzeko: Galegoek, hegalaburraz egiten dutenean, arraia ez dute barrubetean nahasten. Muntatzerakoan, lehenengo tipula- eta piper-nahasi hori jartzen dute, gainean hegalaburra, eta gainean arrautza. Nik ere halako zerbait egin nahi nuen; lehenengo nahasketa (tipula, baratxuria, piperrak...), gainean bakailaoa, gainean olibak eta gainean arrautzak; guztia geruzatan. Baina despistatu egin nintzen eta konturatu orduko bakailaoa eltzean zegon, niri irrika, kir, kir, kir. Ederra zegoen, edonola ere.


Egilea: Ximon

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide