Euskaltasunean lagun... Jessika Iñiguez de Nanclares

hirinet 2013ko eka. 10a, 12:36

jessikaIndustria Antolakuntzako ingeniaritza ikasketak egin arren, izan dituen lan esperientziak direla-eta, bere gustuko lana ez zela izango pentsatu zuen eta Haur Hezkuntza ikasten hasi zen aurreko irailean.

 

Betidanik gustatu izan zaio irakaskuntza eta oso pozik dagoela aitortzen du gure gaztelagunak. Naturaz gozatzea, bizikletan ibiltzea, bidaiatzea, jende berria ezagutzea, euskal dantzak praktikatzea... du gustuko. Abenturazaletzat du bere burua eta beti esperientzia berrien zain dago!


Zure lehendabiziko urtea da Mintzalagunean, zerk bultzatu zintuen parte hartzera?

Gabonetan kartel bat ikusi nuen taberna batean urteko azken egunean Gorbeia mendira igotzeko. Egun batzuk neramatzan nire lagunei mendira igotzeko konbentzitzen saiatzen, baina

alferrik… Orduan, asko pentsatu gabe deitu nuen “Mintzalagun” programakoekin igotzeko. Bertan ezagutu nuen jendearen esperientziek apuntatzera bultzatu ninduten; lagun berriak ezagutzeko eta hitz egiteko jariotasuna lortzeko aukera bikaina zirudien. Eta, dudarik gabe, aurtengo erabakirik onena izan da!  Ezin nuen imajinatu hain ondo pasatuko nuenik.


Zer egiten duzue zuen taldean elkartzen zaretenean?

Normalean, ostegunero biltzen gara auzo ezberdineko “pintxo-potetara” joateko, aitzakia bikaina delako! Dena den, egia da, hobeto ezagutzen joan garen heinean, gero eta gehiago biltzen garela: afaltzeko, parrandan joateko, pote batzuk hartzeko edo Mintzalagunak antolatzen duen hainbat ekintzetan parte hartzeko!


Zure Mintzalagun kideen inguruan...

Hoberenak dira eta oso pozik nago beraiekin!!! Oso antzekoak gara denok eta primeran moldatzen gara gure artean. Ez gara mintzalagunak bakarrik, lagunak baizik eta saltsa guztietan parte hartzen dugu! Bete-betean asmatu dute elkarrekin jartzerakoan.


Eta zuri buruz ez dakiten zerbait?

Izugarri izango ditudala faltan uda honetan, hemen  ez naizelako egongo!!!


Oporrak non eta zertarako?

Bereziki, Afrika gustatzen zait. Hala ere, hotzik eta euririk egiten ez duen edozein leku batekin konformatzen naiz: bizikletan ibiltzeko, hondartzan edo mendian egoteko… Batez ere, esperientzia berriak bizitzeko, jende berria ezagutzeko eta libre sentitzeko.


Zein pertsonaia historikoarekin hartuko zenuke kafe bat?

Nelson Mandelarekin.


Liburu bat?

Orain dela urte batzuk irakurri nuen bat: “Cometas en el cielo”, Khaled Hosseinirena.


Film bat?

The Bucket List eta Intocable.


Zein ekintza kulturalean parte hartu duzu azkenaldian?

Korrikaren inguruan antolatu ziren ekitaldiez gain, bertso saioetan, Asier Otamendiren bidaiei buruzko hitzaldi batean, eta eguraldiak utziz gero… dantza plazetan.


Zer da Gasteizek duen onena eta txarrena?

Onena, jendea, dudarik gabe; oso apala eta jatorra delako. Eta, txarrena… eguraldia. 


Gasteizko txoko bat?

Alde Zaharra, Kutxi kalea, batez ere. Deskonektatzeko, aldiz, Vasco-Navarro trenbide zaharreko ibilbide berdea.


Euskaraz bizi daiteke Gasteizen?

Saiatuz gero, bai. Jende asko dago euskara dakiena baina ez dena hitz egitera ausartzen. Nire ustez, gero eta gehiago entzuten da, batez ere, belaunaldi gazteen artean!

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago