Euskal hedabideen etxea zirriborratzen ari da TOKIKOM

hirinet 2013ko eka. 9a, 02:00

tokikom-etxe-komunaTokiom, toki komunikabideen bateragunea, burutzen ari da gogoeta mardul bat euskal hedabideen etorkizunaz. Iazko ekainean hasi zen lana, Garaia berrikuntza gunean izan zen Jardunaldiarekin, eta gero jarraitu du mintegi eta batzordeetan.

 

Urte honen hasieran, TOKIKOMek hitzarmen bat sinatu zuen Mondragon Unibertsitatearen Komunikazio adarrarekin, hainbat ikerketa eta landa-lan egiteko. Gainera, bidelagun du euskal hedabideak biltzen dituen Hekimen elkartea.

Lan taldeko kide dira Mikel Irizar eta Joxe Rojas TOKIKOMen aldetik, Aitor Zuberogoitia eta Eneko Bidegain, MUren aldetik, Alberto Barandiaran Hekimenen ordezkari eta Haritz Solupe. Gogoeta honek jasoko du hainbat erakunde publikoren babesletza: Eusko Jaurlaritzaren HPSrena, eta Bizkaia nahiz Gipuzkoako Aldundien Euskara Zuzendaritzena.

Lanaren azken emaitza (ikus eskema) abiatuko da egungo egoeratik, igarri eta ikertuko ditu etorkizuneko joerak, zirriborratuko du jomugako mapa, marraztuko ditu tarteko ibilbideak eta jorratuko hainbat egitura, aurreko guztia ahalbidetu dezaketenak. Emaitzak balioko luke eztabaida eragiteko eta ikuspegiak adosteko sektorearen baitan eta herri erakundeekin, egitura funtzional bateratura bidean.

Lanaren aurrerapen bat emango da ekainean Udako Ikastaroetan, Kike Amonarrizek zuzenduko duen ikastaroan “Hizkuntza normalizazioa eta hedabideak: etorkizuneko erronkak” Eta azken emaitza udazkenean aurkeztuko zaie sektoreari, erakunde publikoei eta gizarteari.

TOKIKOM 2012an sortu zen Topaguneko 20 toki komunikabideek sustatuta, eta aurtengo otsailean egindako Batzar Nagusian 10 bazkide berri bildu dira egitasmora, tartean Topagunekoak ez zirenak ere bai.

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago