Ortzi Acosta: "Akrobata edo artista baino, esperientziak bizi dituen pertsona naiz"

hirinet 2013ko eka. 7a, 12:15

ortzi-acosta-hasieraGimnasia txapeldun, Cirque du Soleilen artista eta ikus-entzunezkoen errealizadorea dugu Ortzi Acosta gasteiztarra. 15 urterekin alde egin zuen Gasteiztik; hasieran, gimnasia maila profesionalean garatzeko, gerora AEB, Japonia eta Zeelanda Berria bezalako herrialdeetan akrobata eta zinema espezialista bezala aritzeko. Egun, bidaia luze horretan barneratutako esperientziak bildu eta proiektu pertsonalak garatzenari da. Horien artean, ekainaren 9an Kaldearte jaialdian ikusiko dugun ‘Ilusion’ ikuskizuna.

 


Zer ikusiko dugu ‘Ilusion’ ikuskizun honetan?

David Madinabeitia musikari gasteiztarrekin batera nabil proiektu honetan. Berak trikitixa jotzen duen bitartean, akrobazia, interpretazioa eta musika uztartzen ditu lanak. ‘Ilusion’ obran egoera ekonomiko eta sozial ezberdinak bizi izan dituzten bi gizon dira protagonistak. Diruarekin zerikusia ez duen sinergia positibo bat sortzen da euren artean. Batak besteari energia positiboa pasatzen dio eta alderantziz. Sinergia honi esker itxaropenaren zirkulu bat sortzen dute eta agerian uzten dute inportantea ortzi-acosta-ilusiondela norbanakoak bere giza-balorea besteei eta natura berari eskaintzea. Finean, ilusioaz hitz egiten dugu, bizitzan positiboa denagatik borrokatzeko gogoa berreskuratzeko motorra den ilusioaz. Ikuskizunean ez da hitzik esaten, dena gorputz adierazpenaren bidez esatean da eta horrek errespetua ematen dit!


Ikuskizunaren bi bertsio egin ditugu: kalekoa eta antzokian egitekoa. Ez dut inoiz kaleko antzerkia egin eta gogo handiak ditut, kaleko jendearen harrera zein den jakin nahi dut. Orain arte, eszenatokiaren, argien eta dekoratuen babesa izan dut, baina kalean antzeztean babes hori galtzen da. Beno, egia esan, iaz, ikuskizun bat kalean egitea erabaki nuen eta bizi izan dudan esperientziarik politena izan da, benetan purua. Oreka ariketak egiten nituen; gustuko zituena gelditzen zen eta egindako lana ontzat hartzen zuenak dirua ematen zidan. Besterik gabe. Jendearen eta batez ere umeen harrera oso ona izan zen. Emakume batek Cirque du Soleil-era aurkezteko gomendioa eman zidan! Kar, kar…


Ikuskizunaren bertsio laburra ‘Tu si que vales’ telebista programan ere aurkeztu zenuten. Zer moduz telebistako esperientzia hura?

Programaren aurkezlea Christian Galvez nire laguna da eta horregatik hasiera batean programara joatearena ez zitzaidan ideia ona iruditzen. Baina programak joateko gonbita luzatu zidan eta azkenean joatea erabaki nuen eta esperientzia oso polita eta atsegina izan zen. Risto Mejide epaimahaikidea fama txarrekoa da, baina egia esan, telebistatik kanpo ezagutzen dut eta ez da telebistan agertzen den moduan, beraz, horrekin ere gustura. David eta biok jaso genuen balorazioa ere ona izan zen, beraz, pozik.


Gimnasta, akrobata, errealizadorea, aktorea, ekoizlea… artista polifazetikoa zara gero!

Bai, hori baino, esperientziak bizi dituen pertsona naizela esango nuke.


Zure ibilbidea profesionala Gasteizko Estadioan hasi zen. Nola izan ziren hastapenak?

Gimnasia egiten hasi nintzen kirola bera ezagutu gabe. Txikia nintzela Estadiora eraman ninduten eta ia konturatu gabe Gimnasia egiten hasi nintzen. Cecilio Ugarte entrenatzaileak nire gurasoei kirol hau egiten jarraitzeko gomendioa eman zien eta niretzat eguneroko erronka bat zenez, gustura ekin nion. Espainiako taldean sartzea lortu nuen baina Munduko txapelketan parte hartzea lortu nuenean, lesionatu nintzen eta geroztik, ez nuen aurreko maila berreskuratu. Hortaz, uztea erabaki nuen eta Gasteizera itzuli nintzen. Kasualitatez, egun horietan Ibarretxe anaiak ‘Sabotaje’ filma grabatzen ari ziren Goiurin eta hor hasi nintzen zinema espezialista bezala lan egiten. Hainbat pelikula eta musikal bat egin nituen eta orduan konturatu nintzen zineman eta zuzeneko ikuskizunetan lan egitea gustuko nuela.


Orduan, 21 urte zenituela, AEBtara salto egin zenuen. Zer egin zenuen bertan?

Ingelesa hitz egin gabe, Los Angeles eta Las Vegasera joatea erabaki nuen, bertan zegoena deskubritzeko asmoz. Bertan hainbat casting egin nituen, horien artean, Cirque du Soleilen. Handik gutxira, Cirque du Soleiletik deitu ninduten eta Japoniara ortzi-acosta-pauljoateko aukera eman zidaten, ‘Kidam’ ikuskizunarekin bertan 14 hilabeteko bira egiteko. Amaitzean, Peter Jackson zinema zuzendariak ‘King Kong’ pelikula Zeelanda Berrian grabatzeko asmoa zuela jakin nuen eta bertan parte hartzeko esperantzaz hara abiatu nintzen. Tamalez, pelikularen errodajea atzeratu zen. Orduan, berriro deitu ninduten Cirque du Soleiletik, oraingoan Las Vegasen Beatles taldearen inguruko ‘Love’ ikuskizuna egiteko.


Eta bertan hiru urte inguru eman zenituen…

Esperientzia paregabea izan zen. Ikuskizun hau finkoa zen, hau da, Las Vegaseko hotel batean egiten zen. Karpan egiten diren ikuskizunak baina ikusgarriagoak dira hauek. Azpiegitura askoz harrigarriagoa da, eszenatokiak aukera gehiago ematen baititu. Gainera, jende ospetsu ugari ezagutu nuen. Bono, Paul Mccartney, Michael Jackson, Madonna eta Brad Pitt bezalako pertsonaia ezagunak etorri ziren ikuskizuna eta entseguak ikustera. Bitxikeria hau albo batean utzita, sormenari dagokionez, niretzat oso inportantea izan zen. Aktiboki parte hartu nuen ikuskizunaren sorkuntzan eta asko ikasi nuen.


Amerikako esperientzia hura amaitu eta berriro ere Gasteizera itzuli zinen, ezta?

Bai, familian pentsatzeko garaia heldu zen eta beste kontratu bat sinatu beharrean, etxera bueltatzeko garaia heldu zela sentitu nuen. Kanpoan eman nituen urte horietan bizi nituen esperientzia guztiak elkartu eta proiektu xumeagoetara bideratzea nahi nuen, etxetik gertu. Horrez gain, aita izan nintzen, zalantzatik gabe, nire bizitzako proiekturik inportanteena.


Orduan ikus-entzunezkoen esparruan murgildu zinen…

Bai. Cirque du Soleilen egon nintzen garaian Beñat Fontaneda gasteiztarrekin egin nituen laburmetraia batzuk eta Las Vegasetik itzultzean, Christian Galvez aurkezlea ezagutu nuen, Madrilen ekoiztetxe bat daukana. Garai horretan ere Paul Urkijo zuzendari gasteiztarra ezagutu nuen eta ‘Jugando con la muerte’ laburmetraia egin genuen Galvezen ekoiztetxearekin. Bertan ekoizpen lanak egin nituen. Asko ikasi nuen baina aldi berean gogorra izan zen, erantzukizuna handiagoa baitzen. Azken hiru urteetan aipatutako Ronin 47 ekoiztetxean egon naiz ekoizpen lanak egiten eta besteak beste Cuatro-n estreinatu zen ‘Money time’ programa egin genuen.


Zure ibilbide profesionala Gasteiztik kanpo garatu duzu gehien bat. Orain, ibilbide horri jarraipena emateko aukerarik ikusten al duzu hirian?

Nire ustez, diru publikoa gazteen potentziala suspertzera bideratu behar da. Bestetik, diru-laguntzak zuzenean artistei eman beharrean, nire aburuz, artista horiek kontratatuko dituzten antzoki eta espazioetara bideratu behar dira. Modu horretan, bermatu egingo da artistak egin duen lan hori gizarteratuko dela. Askotan artistek obra bat gauzatzeko dirua jasotzen dute baina gero ez da lan hori amaitzen eta hortaz, diru-laguntza horiek ondo kontrolatu behar direla uste dut. Kontuz, laguntza hauen aldekoa naiz baina, nire ustez eraginkorragoa da diru hori formaziora bideratzea. Artistak bere obra ekoiztu behar du. Hala ere, egia da egungo egoera guztiontzat ari dela latza izaten.

ortzi-acosta-2Las Vegas-etik itzultzean, Mendizabalan ikus-entzunezkoen modulu bat egin nuen. Bertan, Eusko Jaurlaritzaren Urratsbat programari esker, gauzatu nahi nuen proiektu bat martxan jartzeko laguntza eman zidaten, zehazki, web gune bat zabaltzeko. Laguntza hau oso inportantea izan zen niretzat eta halakoak ematea funtsezkoa dela deritzot.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago