KALDeARTE, 44 ikuskizun ekainaren 7tik 9ra

hirinet 2013ko eka. 6a, 09:58

Kaldearte-2013-Zortzigarren urtez, Kaldearte Gasteizko kaleko arteen nazioarteko erakustaldiak ikuskizun ezberdinez eta artez beteko ditu hiriko gune ezberdinak. Ekainaren 7tik 9ra bitartean, formatu handi, ertain zein txikiko 44 ikuskizun eskainiko dituzte 30 bat konpainiek, bertakoak zein atzerrikoak. Hauetako zortzi Gasteizko talde artistikoek eskainiko dituzte. Horien artean, Unai Sáenz, Naiara Rojo eta Ortzi Acosta aurkitzen dira. Lehenak ‘Pirineos de Circo’ gala eskainiko du bi saiotan.. Gala honek, Kaldeartek eta hiriko Flik-Flak taldeak elkarlanean antolatua, Pirinioetako bi aldeetako 8 artista gazte elkartuko ditu.

 

Dantzak ere gero eta leku gehiago hartzen du jaialdian eta, iaztik, leku propioa du Probintzia plazan. Horrez gain, larunbat iluntzean, Foru plazan Chillidaren eskultura dagoen tokian, leku horretarako berariaz prestatutako lana eskainiko da.  “Intimidad” deitutako lan hau hiriko 4 emakumek sortu dute, Naiara Rojo dantzaria buru delarik.


Ortzi Acosta gimnasta eta zirkuko artistak zirkurako bereziki prestatu duen lehen ikuskizuna aurkeztuko du jaialdian, David Madinabeitia musikari gasteiztarrarekin. Lanak “ilusioa” du izena.


Guztira hiru dira euskaraz eskainiko diren ikuskizunak. Lehenengoak jaialdiari hasiera emango dio eta Kukai & Logela Multimendiaren eskutik datorren ‘Atera doa’ lana izango da. Udaletxeko fatxadaren neurrira egindako ikuskizuna da hau, mapping teknika (grafikoen proiekzioa hiru dimentsiotan) eta euskal dantza garaikidea batzen dituena, hain zuzen. Ekainaren 7an, 22.30ean, Plaza Berrian.


Horren ostean, Hortzmuga taldeak euskarazko ‘Ez zuten nik ikusitakoa kontatu’ lana aurkeztuko du, Landatxon. (Leku-aldaketa egon da eguraldia dela eta).


Euskarazko eskaintzaren jarraituz, ekainaren 9an, berriz, Ameztu produkzioak + Imaginaciones Nai taldeek ‘Anplag’ eskainiko dute Falerina lorategian.


Aurten, herritarrek ikuskizunik gustukoenari botoa eman ahalko diote udalaren web orrian, ekainaren 7tik 16ra bitartean. Bozketan parte hartzen dutenen artean jaialdiko 50 elastiko ofizial zozketatuko dira.


Informazio gehiago: Kaldearte 2013

 


 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago