Nola sentitu zinen Arabako Eskolarteko txapelketaren txapela eskuratu zenuen?
Oso gustura, poza handia sentitu nuen.
Horrez gain, garaipen honek Euskal Herriko eskolarteko txapelketara joateko txartela eskuratzea ahalbidetu dizu, Iñaki Tena gasteiztarrarekin batera. Nola egingo diozu aurre?
EHko eskolarteko txapelketara joango naizen laugarren aldia izango da eta gogo handiz egingo diot aurre.
Nola hasi zinen bertsotan?
Orain dela bost urte inguru hasi nintzen. Niri bertsolaritza txikitatik gustatzen zitzaidan. Ikastolan, 5.mailan hasi ginen bertsolaritza ikasgai moduan ematen eta 6.mailan Aramaioko bertso eskolan hasi nintzen. Nik afizio moduan ikusten dut, gustuko dut bertsotan aritzea eta etorkizunean jarraitzea gustatuko litzaidake.
Zer eman dizu bertsolaritzak?
Lagunak egiteko, esaterako, erraztasun handiak eman dizkit. Araban jende askok egiten du bertsotan eta orduan, lagunak egitea erraza da. Gainera, gustura sentiarazten nau bertsotan aritzeak.
Zein bertsolari miresten duzu?
Arabatik Manex Agirre esango nuke. Herrikoa da, nire irakaslea izan da aurten eta asko gustatzen zait.
Izan ere, Aramaio bertsolarien harrobi inportantea da. Zein da aramaioarren sekretua?
Sekretua? Kar, kar..ez dakit! Zaletasuna badago, hori izan daiteke sekretua. Gainera nik baino adin txikiagokoak ere aritzen dira bertsotan, beraz, etorkizuna oparoa izango da.