Gotzon Kortazar: “Greba orokorra aldaketa prozesua eraiki nahi duten gizarte sektore guztien zerbitzura jarri behar da”

hirinet 2013ko mai. 28a, 11:22

gotzon-kortazar-labKrisialdi ekonomikoa hasi zenetik zortzigarren greba orokorra izango den honen atarian Gotzon Kortazar LAB sindikatuko Arabako arduradunarekin hitz egin dugu. Aurreko grebekin ezberdina izango dela diote deitzaileek, izan ere, “mobilizazioaren planteamendua alternatiba sozial baten eraikuntzan oinarritzen da”, zentzu horretan, greba orokorraren deia, beraz, “horren abiapuntua baino ez da izango”.


Zein momentutan heltzen da greba?

Badira hiru urte, sistema bereran krisia, bereziki, jasaten ari garela eta, horren ondorioz, inoiz ezagutu ez dugun miseria egoera eta atzerapausoak ematen ari dira. Gainera, orain ikusten ari garena etortzeke dagoenaren lehen adierazlea baino ez da.


Beraz, nik ez nuke esango greba hau momentu berezian heltzen denik; baina egoera ekonomikoak berak erantzunak eskatzen dizkigu eta, kasu honetan, erantzunak greba orokorraren forma hartu du. Zalantzarik gabe, aurrerago bestelako erantzunak ere eman beharko ditugu, diseinu honekin edo beste batekin; baina argi dago edukietan eta aldarrikapenetan bat egingo dutela.


Gainontzeko herrialdetan bezala, Arabako datuek beldurra sortzen dute. Ia %20 langabezi tasa, EREak nonahi,  40.000 langile baino gehiagok beren hitzarmen gal dezakete...

Krisi garaia hasi zenean, hainbat kudeatzaile politikok behin eta berriro errepikatzen ziguten krisi honek oso eragin “eskasa” izaten ari zela Euskal Herriko ehun sozial eta ekonomikoan, jendarteari beren interesen aldeko gezurrezko irakurketa helarazi nahian.


Tamalez, sindikatuek orduan esaten genuena berretsi du errealitate gordinak. Euskal Herria emergentziazko egoeran dago eta egoera honen aurrean erantzun eraginkorrak eman ahal izateko bestelako alternatiba politikoa eraiki behar da.


Krisialdia hasi zenetik, zortzigarren greba da ostegunekoa, zertan izango da ezberdina?

Deialdia beraren diseinuan dago oinarrizko ezberdintasuna. Greba orokorrerako deia ofentsiba ikuspuntu batetik egin dugu eta ez soilik gobernu neo-liberalen erasoen aurreko erantzun gisa.


Horrela, gure planteamendua alternatiba sozial baten eraikuntzan oinarritzen da eta greba orokorraren deia horren abiapuntua baino ez da izango. Hortaz, greba hau Euskal Herritik bertatik aldaketa prozesua eraiki nahi duten gizarte sektore guztien zerbitzura jarri behar da.


Eskubide sozialen gutuna, zer da eta zeinen artean bultzatuko da?

Gutunak eredu sozial berri bat definitzeko eta adosteko balio du. Euskal Herritarron eskubide sozialak zeintzuk izango diren erabakitzeko ekimena da, alegia.


Gure kabuz eredu soziala definitzea burujabetza sozialaren ariketa praktikoa da eta ariketa hori ezin da herritarroi ateak itxi dizkiguten instituzioetatik egin. Horregatik, ez gaude prest botere ekonomikoak inposatu nahi digun eredu soziala onartzeko. Guk gure ekimenez erabaki behar dugu nolako Euskal Herria nahi dugun; ondoren, nola borrokatuko dugun erabakitzeko.


Zein da planteamendua? Hau da, nola jarriko da martxan eskubide sozialen gutuna?

Maiatzaren 25ean lehenengo batzarra izan zen eta orduan erabaki genuen eztabaida prozesu bat irekitzea, inplikazio sozial eta sindikalarekin. Datorren udazkenerako, behin betiko erredakziora iritsi nahi dugu, alegia, Euskal Herrian bizi garen pertsona guztion sentipena eta gehiengoaren interesa jasoko dituen behin betiko proposamen bat erredaktatzea dugu helburu.


Gutuna, beraz, udazkenean osatu nahi dugu bigarren batzarrean adostutako prozesua burutu ostean. Gure asmoa eta helburua urria eta azaroa bitartean bukatzea da horrek plan sozialaren fase berria irekiko duelako. kartelaM30


Gure nahia da eztabaida prozesua herri-harresi bihurtzea; modu honetan, botere ekonomikoak gehiengo sozialaren kontra zuzentzen dituen eraso guztiei aurre egiteko. Era beran, jendarteak gutun hau tresna bihurtzea nahi dugu, bai indarrak biltzeko exijitzen dugun alternatibaren inguruan baita herri honetako borroka ahalmena bateratzeko ere, benetako aldaketa sozial eta politikoa Euskal Herrian lortu arte.


Lakuako eta Iruñeako gobernuek, beraz, Madriletik datozen murrizketen edo eskubide sozialen gutunaren artean aukeratu beharko dute, ezta?

Argi eta garbi: Euskal Herritarrok geure erabakiak hartu behar ditugu eta, horretarako, eskubide osoa daukagu. Inolako injerentziarik gabe eta geure izaera subiranotik kanpo egindako akordioen inposaketarik gabe.


Horixe da garatu beharreko bidea. Herriak eta herritarrek hartzen dituzten erabakien errespetua, gure iritziak askatasunez adierazteko baliabideak barne.


Eta hartuko al dute konpromiso hori?

Hala espero dugu. Edonola ere, gu ez gara inoren zain geratuko alternatiba hau garatzeko orduan. Egungo egoera politikoak eta ekonomikoak erantzun sendoak eta eraginkorrak eskatzen ditu. Beraz, erakundeetan dauden alderdi politikoek eskubide sozialen gutuna suspertu nahi baldin badute, horretarako aukera izango dute, zalantzarik gabe. Aitzitik, subiranotasun ariketa praktikoa den ekimen hau bahitzeko asmoa baldin badute, orduan, aurrean izango gaituzte hori ekiditeko.


Maiatzaren 30etik aurrera, zer?

Lehenik eta behin, erantzuna eman behar diogu hitzarmen kolektiboen defentsari,  uztailaren 7an nolabaiteko indargabetze orokorra etorriko baita; hori, beraz, premiazko borrokatzat izango dugu. Oso borroka gogorra izango da patronalaren jarrera itxia dela kontuan hartzen badugu.


Borroka sektorialak, Euskal Herrian garatzen ari den prozesuaren sendotzea, euskal preso politikoen aldeko aldarrikapenak, datorren ikasturtea prestatzea, Araba Borrokan plataformak deitutako mobilizazioak… horiek guztiak sindikatuaren zereginaren parte izango dira greba ostean ere.


Irudia: Nerea Larrinoa

Egilea: Zuriñe Etxeberria

 

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide