Zergatik praktikatzen duzu kirola musikarekin?

hirinet 2013ko mai. 27a, 12:35
musika-eta-kirolaPertsona bat kirola egiten ikusten dugunean, lasterka, oinez, bizikletan, igerian, patinaian… ia beti denak musikarekin joan ohi dira. Baina, nola edota zer dela eta sortu da ohitura hau?

Lehenik eta behin, esan beharra dugu zentzu batean aurreko belaunaldiek transmititu diguten aztura dela, izan ere, betidanik irratiaren laguntzaz joaten ziren mendira edota paseoa egitera.

Egun baina, irratia albo batean utzi eta ipod moduko makina txikiek eskaintzen dizkiguten musika pertsonalizatuarekin praktikatzen dugu. Honela, pentsa liteke lehen estresari aurre egiteko funtzioa zuen kirolak, egun gizartean dagoen estresari aurre egiteko ez duela nahikoa gaitasun eta honekin batera ezinbestekoa dela kanpo aldagai baten laguntza, hau da, musika.

 

Kiroldegietako eskaintzak aztertzen baditugu ikus dezakegu nola portzentaje altu batean burutzen diren ekintzek musika duten lagun. Gisa honetan korronte berri baten aurrean ote gaude?


Batzuen aburuz, musikak kirolean pairatzen duten sufrimendua gozotzen die eta modu honetan eramangarriagoa suertatzen zaie atsegin duten ekintza burutzea. Honela, distrakzio moduan erabiltzen duten teknika litzateke. Besteen iritziz, musikak motibazio gisa funtzionatzen du, esfortzuaz gozatzeko eta gorputzari ahalik eta zuku gehien ateratzeko laguntza gehigarritzat joz.


Goi errendimenduko kirolariei dagokienez, esan txapelketatik urrun dauden entrenamenduetan erabili ohi dutela musika, baina hauek gerturatu ahala uko egiten diotela honi; izan ere, euren esanetan lehiaketan ezin dute musika erabili eta egoera horretara moldatu behar dute, kontzentrazio teknika guztiz bestelakoak landuz.


Halaber, bada kirola eta musika uztartzen dituen praktika hau begi onez ikusten ez duena ere, izan ere, kirolari esentzia kentzen diola diote; esaterako, mendiko soinu eta isiltasunaz gozatzeari uko egitea mendizaletasunaren filosofia apurtzea dela.

Gauzak horrela, oso interesgarria litzateke jakitea zein faktorek aldatu duten kirolaren praktika, eta zientifikoki aztertzea zer nolako eragina duen musikak kirolean eta bere errendimenduan.

 

Egilea: Mikel Villarrolain

 

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide