Argazkietako Araba

hirinet 2013ko mai. 27a, 09:20

Amaia Gartzia

 

Ba al dago Arabarik Gasteiztik haratago? Berriz ere nator erretolika berdinarekin, baina oraingoan ez nago lurralde sentimenduaz hitz egiten ari. Kapitalera doan herritar baten ikuspuntua baino ez dut nahi partekatu.


Ikusten al du zeozer kapital berdeak bere mugez gaindi? Argazkietan ikusten dugun Araba baino ez gara. Bai, ETBko Gabonetako iragarkietan ageri den Araba hori, gure lurraldeko egutegiak apaintzeko aztarnategi edo trikuharri ikusgarriak gordetzen dituena, edota Alaves-eko bazkide kanpaina berrietan taldearen arrakasta edo afizio handia erakusteko toki ezberdin bat erakusteko grabazioan erakusten den hori. Begira, hau ere Araba da.

Baina ezin dugu ezer esan, polit askoa ageri baita ekialdeko gure zonalde ederra. Hori ezin da ukatu, nola ez, gau eta egun baititugu argazkilariak inguruotan. Gure ondoko mendi, errekasto, baso eta dolmenak argi mota guztiekin atzeman dituzte dagoeneko argazki makinetan. Ad nauseam, esango nuke. Eta hori, ohore bat da.


Funtzionarioen eta turismo bulegoen hormetako irudia gara. Nafarroako Bardeak bezala. Irudi izoztu bat. Oinarri baten gainean jarri duten eskultura bezala, baino amaraunaz josia, hautsa hartzen joandako eskultura. Guren instituzioek proiektatzen duten irudi horrek nire herria Arabako Errioxan kokatzera eramaten du kanpoko jende asko. Ez bada musika talde, idazle, edo sortzaile batengatik ondo kokatzen dutela. Gehiago egiten ari dira gure sortzaileak herriko turismoarengatik instituzioak eurak baino.

Pozoi guzti hau ateratzen dit kapitalera kotxe gabe bidaiatzeak. Gomendio bat da, goiz guztia galdu nahi ez baduzu, kotxea eraman Gasteizera. Bestela, administrazioan aurreztu duzun denbora guztia (noizbait zorte hori egokitzen bazaizu), autobus edo tren geltokian galduko duzu.


Dolmen-Sorginetxe--Kanpoko oihartzunak liluraturik daukan lurraldean bizi gara, bertakoarengatik kezkatu egiten ez dena. Beste lurraldeetara hobeto komunikatua dagoen bitartean, ordu erdi eskas batera dagoen herrira mugitzeko ordu eta erdi itxaron behar dugu. Eta prezioan ez naiz sartuko. Zerbitzu publikoak errentagarriak izan behar direla esaten dutenei “publiko” hori karteletik deskolgatu dezatela eskatuko diet. Kalitatezko zerbitzuak berma diezazkiguten eskatzea lekuz kanpokoa da, nonbait, batzuentzat, baina gero aitatxok jarritako eta mantendutako kotxearekin independente sentitzen gara.


Abiadura normaleko zerbitzu publikorik ez daukagunean (ez, ez daukagu), berriz ere ezer ere ez  komunikatuko duen Abiadura Handiko Tren bat bota nahi digute gainera. Arabak dituen laupabost herri populazioz garrantzitsuenak eraginkorki elkar komunikatuta ez daudenean. Eta orain autobus geltokia erdigunetik mugituta, hiriaren oihan barrenean gehiago murgildu nahi gaituzte, amaraunetik ateratzeko desplazamendua ordainduta, ere, sikiera hiriak “beharrezkoa duen” eta egunero egunkarietan ezbeharren orrialdetan ageri den tranbiari zentzua emateko.


Eta bitartean, guk horrela jarraitzen dugu, autobusekin malabareak egiten. Tranbia hartzeko eskurik geratzen ez zaigun bitartean. Eta AHTaren itzala, geroz eta definituago, gainera datorkigunean. BMWa hartzen dutenen kontura pailazo.

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago