Horrela, debekatuta egongo da bizikletan ibiltzea goizeko 10.00etatik 14.00etara eta arratsaldeko 16.00etatik 22.00etara. Azaroaren 1etik martxoaren 31ra arte debekua iluntzeko 20.00ak arte izango da. Hauek dira kaleak:
- Plaza Berria
- Andre Maria Zuriaren plaza
- Agirre Lehendakariaren kalea
- Loma Jeneralaren plaza
- Urrezko Zeledonen plaza
- Posta kalea, Bake kaletik Prado kaleraino
- Independentzia kalea, Foru kaletik Urrezko Zeledonen plazaraino
- San Prudentzio kalea
- Dato kalea, Plaza Berritik Manuel Iradier kaleraino
- Arka plaza
- Diputazio kalea
- Jesusen Zerbitzarien kalea
- Foru kalea, Ramon Ortiz de Zarate kaletik Alaba jeneralaren kaleraino
Aipatutako gune hauetan, beraz, txirrindulariek eskuan eraman beharko dute bizikleta edo ibilbide alternatiboak bilatu. Bidegorria daukaten edo trafiko lasaituko kaleetan ere espaloietatik joatea debekatuko da. Ordenantza berri honek ez du nahitaez ezarriko kaskoaren erabilera Gasteizen.
Ordenantza berria udan sartuko da indarrean eta bitartean, Udalak heziketa eta informazio kanpainak egingo ditu txirrindulariei zein oinezko eta ibilgailuei begira, hirian lortu nahi den bizikidetza eraginkorra izan dadin. Esaterako, ekainean Bizikleteroak elkarteko kideak, eta hiriko txirrindulari ezagunak (Galdeano anaiak, besteak beste) kalean ibiliko dira, espaloitik dabiltzan txirrindulariei 30eko eremuak (edo lasaiak) erabiltzeko komenigarritasuna azaltzen, azkarragoak eta ziurragoak baitira haientzat.
Hurrengo asteetan, udaltzainek azalduko diete bai txirrindulariei bai ibilgailuei zein jokabide ez den zilegi izango ordenantza berria indarrean jartzen denean.