Euskaltasunean lagun... Itxaso Hernandez

hirinet 2013ko mai. 20a, 09:38

itxasoBizitzaren egoerak direla medio, gure mintzalagun Itxasori A ereduan ikastea tokatu bazitzaion ere, betidanik motibazio handia izan du euskara ikasteko. Ikasketak bukatu bezain laster, beraz, Legution sortu zen euskara talde batean murgildu zen, baina gerora taldea desegin eta Gasteizera etorri zen euskaltegi batean ikasten segitzeko.

Urte askotxo daramazu egitasmoan, zerk bultzatu zintuen parte hartzera?

Nire laugarren edo bosgarren urtea izango da. Euskaltegian eman nuen bost urte inguru, nahiz eta gramatika nahiko ondo menperatu, hitz egiterako orduan arazoak nituen. Halaber, hainbeste ordu eman eta gero nekatu nintzen. Euskaltegian ere bazegoen aukera mintzapraktika klaseak jasotzeko, baina nire ustez oso urria zen. Urte horretan Mintzalaguna proiektua hasi zen Gasteizen eta izena eman nuen.


Taldea elkartzen denean, zer?

Hasieratik talde berdinean nago beraz, dagoeneko bada adiskidetasun harreman bat. Elkartzen garenean astean zehar zer egin dugun edota gure arazo eta gure pozen inguruan mintzatzen gara, lagun talde bat bezala.


Zer esango zenuke zure Mintzalagun kideen inguruan?

Nire lagunak direla esango nuke eta astero-astero oso gustura egoten naiz beraiekin.


Normalean, edalontzia erdi beteta edo erdi hutsik ikusten duzu?

Beti erdi beteta. Hala ere, erdi hutsik dagoenean, gauza onez betetzeko aukera egoten da!


Orduan, Gasteiz gero eta euskaldunagoa dela esango zenuke? Non entzuten da gehiago euskara?

Nire ustez, edonon pixkanaka-pixkanaka gehiago entzuten da. Agian, lan munduan gutxiago, behintzat nire kasuan.


Oporrak non eta zertarako?

Norekin joaten zaren arabera. Orokorrean, ibiltzea eta hiriak eta inguruak ikustea gustatzen zait, baina denbora badago, hondartzan lasai-lasai etzanda egotea ere gustoko dut.


Liburu bat?

Asko.


Film bat?

Ez naiz oso zinemazalea, egia esan.


Zure mintzakideek oraindik ez dakiten sekreturen bat?

Ez dago.


Gasteizko txoko bat, zergatik?

Alde zaharra orokorrean, batez ere brulleria ingurua, xarma berezia duelako.


Euskaraz bizi daiteke Gasteizen?

Egia esan, ez dakit, niri oraindik kostatzen zait pila bat lehenengo galdera euskaraz egitea leku askotan.

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago