Argiaren erreinua, Joseba Lozano

hirinet 2013ko eka. 10a, 02:00

Argiaren-erreinua,-Joseba-LEuskal letretan ugaria ez den generoa lantzen du Joseba Lozano gasteiztarrak lehen eleberri honetan: best-seller tankerako liburua, alegia. Literatura-adituek best-sellerrak literatura diren, ez diren eztabaidatzen jarraitzen duten honetan, gasteiztarrari, behintzat, liburuari atxikita mantentzeko gaitasuna aitortu behar diogu.

Bai eta generoaren gaineko ezagutza ere; izan ere, idazteari ekin aurretik best-sellerren ezaugarriak aztertzen ibili zen Lozano buru-belarri, «jendeari, kalean dagoela, etxera lehenbailehen itzuli eta irakurtzen jarraitzeko gogoa zerk pizten dion aurkitu nahian». Eta, The Davinci Code zein Millenium ezagunen eredua imitatuz, lortu egin du, berak ere, irakurleak sofari itsatsita mantentzea: gustatuko zaie edo ez, baina, zalantzarik gabe, guztiek irakurriko dute amaierara arte. Euskara errazean idatzi du, «lehen irakurraldian ulertzeko moduan, irakurleek euskaraz irakurtzen ari diren inpresioa izan ez dezaten», idazlearen arabera betiere; bestalde, ekintzetan aberatsa da kontakizuna, «gure literaturan nagusi den joeraren aurka».


Istorioa Txekian gertatzen da: aintziran itotako gizonaren gorpuaren bila dabilela, poliziak emakume baten gorpua topatu du ezustean; abitu zuriz jantzita dago, begiak falta ditu eta ez du indarkeria-zantzurik. Hurrengo egunetan ere horrelako beste zenbait gorpu agertuko dira, ezustean betiere. Erdialdera arte polizia-nobela ematen duen arren, hortik aurrera best-sellerren tankera handiagoa hartzen du: ikertzaile amateurrak,  internet zein teknologia berrien laguntza, jazarpenak, ihesaldiak… sekta erlijioso eta guzti. Beharbada nahikoa izan dugu horrelako pertsonaiekin nazioarteko best-sellerretan; horren arruntak izanik, ordea, irakurleek erraz irudikatuko dute euren burua pertsonaien larruan.


Liburu luze samarra izan arren, arina da, irakurterraza eta erakargarria, «neka-neka eginda bagaude ere, irakurtzen jarraitzeko beharra sorraraziko diguna»: intrigazko argumentuak, beldurrak, misterioak nahiz sinesgarritasunak gehiago irakurraraziko digute.


Joseba Lozano Gasteizen jaio zen 1962an. Euskal Filologia zein Filologia Hispanikoa ikasia da eta IVAP/HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean egiten du lan, «administrazio-testu ulergaitzak ulergarri bihurtzen». Argiaren erreinua lehen eleberria duen arren, hainbat liburu idatzi ditu izaera juridiko eta administratiboaren inguruan. 2005ean akzesita irabazi zuen Bilboko Udalak antolatutako Gabriel Aresti ipuin-lehiaketan eta, 2007an, Donostia Hiriko Kutxa literatura-saria irabazi zuen. Idazle Eskolan irakasle ere izana da.


FITXA TEKNIKOA

Izenburua: Argiaren erreinua

Idazlea: Joseba Lozano

Argitaletxea: Alberdania

Urtea: 2011

Orrialde-kopurua: 282

 


Egilea: Adriano De Mata

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago