Hain zuzen ere, joan den apirilaren 22rako greba mugagabea konbokatu zuten, baina langileek azken momentuan bertan behera uztea erabaki zuten, izan ere, Aiteko eta Disport enpresek langileen eskakizunak entzuteko eta negoziatzeko jarrera azaldu zuten. Alta, beste behin, mahaian eseri ziren azken honetan, hitzarmen berri bat lortzeko ilusioak zapuztu besterik ez ziren egin. Aldi berean, sorosle eta begiraleen kolektiboak “bihotzez” eskerrak eman nahi dizkie udal instalazioetako erabiltzailei, “beraien babesa jaso dugulako eta ulertzen dutelako zerbitzu on bat jasotzeko, bertako langileek baldintza onak izan behar dituztela”.
Sorosle eta kirol begiraleei aplikatzen zaien hitzarmenak 2008an bukatu zuen iraunaldia eta 2011tik aurrera bi etapa bereiztu behar dira. LABeko zerbitzu pribatuetako arduraduna den Bittor Gonzalezek azaltzen duen moduan, “2011n izan zen etapan aurrerapenik ez zen eman, baina, 2012ko urrian hasitako negoziaketetan borondate ona izan zen nagusi”. “Soldata, ultraaktibitatea eta deskuelgearen gaineko zenbait artikulu potolo” adostera ere iritsi zirela nabarmentzen du Gonzalezek. Otsailetik aurrera, berriz, enpresen jarrera zeharo aldatu egin da eta “jarritako etxeko lanak” bete gabe eta “esku hutsik” agertzen ziren bileretan.
Horiek horrela, hiru ziren adosteke geratzen ziren puntuak. Batetik, subrogazio eskubidea bermatzea; bestetik, urtero langileek koadranteak aukeratzeko eskubidea onartzea, aintzintasuna bezalako kriterio objetiboak kontuan hartuta; eta, azkenik, udan Udalak itxiko dituen igerilekuetan lan egiten duen sorosleen kolektiboari lanaldiaren malgutasuna zelan aplikatu zaien zehaztea, urteko ordu kopurura hel daitezen.
Denbora arerio
Apirila heltzearekin batera, Aiteko eta Disport enpresek orain arte adostutako guztia albo batera utzi eta, langileen kalterako, baldintza berriak ezarri nahi dituzte. Negoziaketek ito barik, langileek aurrera segitzeko asmoa daukate eta atzerapen gehiago onartuko ez dutela argitu dute. Denbora, aldiz, kontra dute eta arerio ere bihurtu da.
Madrilek onartutako lan erreforma berria dela medio, uztaila baino lehen hitzarmen berririk lortu ezean, herrialdekoa desagertu daiteke eta hitzarmen estatala aplikatuko zaie. Hitzarmen estatala aplikatuz gero, besteak beste, %40 inguruko soldata jaitsiera pairatzeaz gain, urteko 180 orduko lanaldi igoera nozitu dezakete. LABetik enpresen jarrera salatzen dute zortzi hilabetez luzatu den negoziaketan parte hartu ostean “bere hitza jan dutelako eta konpromisoak ez dituztelako bete, prozesua nahita luzatuz”. Eta beldur dira hitzarmen estatala aplikatuz gero, kaleratze gehiago izango ote diren.
Egilea: Zuriñe Etxeberria