Sormena? Ez, eskerrik asko

hirinet 2013ko mai. 9a, 12:27

umea-marraztenAsier bost urteko umea da, eta momentu honetan margoz inguratutik dago orri zuri baten aurrean. Errotulagailu urdina eskuan hartu, eta eguzki bat marraztu du izkina batean. Ama berehala gerturatu da eguzkiak hori kolorea duela azaltzera, eta irribarre gozo batekin kendu dio margo urdina Asierri...

Sormena gaur egungo arazo larrienetarikoa da. Izan ere, zertarako behar dugu? Ez, ez, ezertarako ez. “Gaitasun” honek, irudimenarekin batera, asko kalte dezake gizartea. Pentsa! Jendea ideia propioak izatera bultzatzen du! Pentsamolde ezberdinak! Oraingoz arazoa kontrolpean badago ere, badaude sormena murrizteko hainbat konponbide, jada abian daudenak.

 

Alde batetik, hezkuntzan eman behar zaio konponbidea, lehenbailehen gainera. Txikitatik erakutsi behar zaie umeei errealistak izaten, hau da, behiek ezin dutela hegan egin, eta eguzkia ez dela urdina, horia baizik. Matematikako buruketak eta analisi morfosintaktikoak egiten pasa behar dituzte eskola-orduak, eta ez buruari bueltak ematen. Zoriontzeko modukoak dira hezkuntzaren arloan sormena ekiditeko egin diren aurrerapausoak.

Bestetik, jendearen egunerokotasunean landu beharreko arazoa da, eta modurik zuzenena telebista da. Jakina da honek ikusleengan duen eragina eta askotan erabili ohi da pentsamoldeak aldatzeko asmoarekin. Beraz, zergatik ez ipini mota bakarreko telesail eta realityak telebistan? Zergatik ez bete programazioa programa amerikarrekin? Oso arrakastatsua izan da ekintza hau ere, eta benetan pozgarriak lorturiko emaitzak.

Arazo hau kontrolpean dagoela egiaztatzeko, Gasteizeko inauterietako desfilea ikustea besterik ez dago: Ehundaka lagun berdin jantzita “La Macarena” behin eta berriz dantzatzen.

Hunkitzeko modukoa ez al da, bada? Harrotzeko modukoa bestela? Zein azkartasun eta eraginkortasunarekin konpontzen ditugun arazoak gaur egun! Akabo behi hegalariak! Akabo eguzki urdinak! Akabo...bai. Akabo sormena!

Egilea: Uxue Rezola, Armentia Ikastolako DBH 3Bko ikaslea

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago