Esan bezala, araudi honek ez ditu animalia etxekotuen erabilera debekatzen eta hortaz, blusek urtero antolatzen dituzten asto lasterketek edo abuztuaren 5ean egiten diren idi proba erakusketek bere horretan jarraituko dute.
Hortaz, antza denez, eta PSE eta EAJ udal taldeek ez badute atzera egiten, aipatutako debekua ezarriko da.
Txakurrak hirian
Animalien inguruko ordenantza berri honetan txakurren gaineko arauak ere aldatuko dituzte. Printzipioz, txakurrak eguneko 24 orduetan solte eramateko aukera egongo da, baina bakarrik leku konkretuetan. Leku hauek umeentzako parkeetatik eta hiritarrek erabiltzen dituzten guneetatik kanpo egongo dira. Hortaz, txakurrek solte paseatzeko lekuak mugatuak izango dira, Eraztun Berdean edo Salburua eta Armentiako zelaietan, esaterako. Izan ere, industrialdeko gune berdeetan eta hiriko hainbat orubeetan txakurrak aske eramatea baimenduta egongo da. Gune hauek batez ere Lakua, Salburua eta Zabalgana auzoetan aurkitzen dira eta erdigunean, esaterako, Senda pasealekuan dagoen lursailean.
Udal taldeek egin duten zuzenketaren arabera, leku hauetan ez da ordutegirik egongo eta txakurrak eguneko 24 orduetan solte eraman ahal izango dira. Ez ordea, beste lau puntu hauetan, non soilik gauez baimenduta egongo den: Judimendi parkea, Aranbizkarra parkea, Iparraldeko parkea eta Katedral berriaren atzean dagoen parkea.