Antolatzaileek esan bezala, eredu energetikoari buruzko azterketa zintzo bat egitea da helburua, “gure egungo bizimoduan aldaketa garrantzitsuak egiteko beharra proposatzera eramango gaituela uste dugu. Jardunaldi hauekin bide hori arakatu nahi genuke”. Horretarako, profil ezberdineko aditu akademikoak zein ekintzaileak izango dira bertan. Horrela, arazo guzti hauei buruzko zenbait ikuspuntu esparru akademikotik etorriko dira, baina ikuspuntu ekintzaileak ere leku garrantzitsua izango du, “modu honetara balioa emango zaie energi-eredu zapaltzailearen aurkako esperientziei, zein alternatibak eraikitzeko egin diren hainbat saiakerei ere”.
Izan ere, horren konplexua den kontu honetan helburua ikuspegi desberdinak ematea dela azaldu dute antolatzaileek. “Egoeraren diagnosia interesatzen zaigu. Jakin nahi genuke erregai fosilekiko daukagun menpekotasuna zenbaterainokoa den. Erreparatu nahi diegu energia lortzeko gainditzen hari garen ingurumen, lurralde eta etika mugei. Aztertu nahi dugu gure kontsumo eta bizimoduak duen zor ekologiko eta humanoa. Eztabaidatu nahi genuke energia berriztagarrien benetako aukeren inguruan. Ikasi nahi dugu aurretiaz emandako esperientziez. Jakin nahi dugu zerk bultzatu zituen eta dituen beste batzuk energia fluxuekin eta bizi dugun hazkunde ereduarekin erlazioa duten proiektuei aurre egitera. Ahaleginduko gara alternatibak eraikitzeko saiakerak ezagutzen. Hitz egingo dugu aldaketa sakonak ematearen beharraz eta berauen bideragarritasun eta mugez”
Egitaraua
Informazio gehiago: Energia jardunaldiak Gasteizen