Euskaltasunean lagun... Iñaki Goikoetxea

hirinet 2013ko mai. 6a, 11:12

inaki-goikoetxeaIrunen jaio zen Iñaki Goikoetxea orain dela 27 urte. Giza-Zientziak eta Komunikazioa ikasketak bukatu eta orain dela urtebete, espero ez bazuen ere, Gasteizera etorri zen bizitzera. Bat-batean aldatu zitzaion bizitza gure gaztelagunari, Eusko Jaurlaritzan bi urtez lan egiteko atzerrian den euskal komunitatearekin beka lortu bat lortu eta oso gutxi ezagutzen zuen hiriburu honetara ailegatu zen. Pisua, lagunak, lankideak, ingurua... dena berria izan bada ere, primeran ari da moldatzen. Gauza berriak egin eta bere betiko hobbiekin ere jarraitzen du: bidaiatzea, parrandan ateratzea eta mendira joatea.

Noiz eta nola ikasi zenuen euskara? Txikitatik eskolan ikasi nuen, baina nire gurasoek ez dakitenez, ez dut etxean hitz egiteko aukerarik izan, ezta nahiko erdalduna den Irunen ere.

Noiz hasi zinen Gaztelagunean eta zergatik? Gasteizko lagun batek gomendioa eman zidan irailean eta izena eman nuen jarraian. Nire herrian euskara talde batean nabil eta hemen ere nire aportazio txikia egin nahi nuen eta jende berria ezagutu.

Zer egiten duzue zuen taldean elkartzen zaretenean? Gure elkartzeko ordua oso ona da, ostegunetan arratsaldeko zazpietan. Hasieran, taberna batean elkartzen ginen baina orain aitzakia ona aurkitu dugu hiriko pintxo pote zona ezberdinak ezagutzeko.

Zer esango zenuke zure mintzalagun kideen inguruan? Talde gaztea garela eta “bonbardeo batera ere” animatzen direla! Oso ondo pasatzen dugu elkarrekin eta ostegunetan gelditzeaz gain afariak egin izan ditugu, ikastaroak, Korrikako ekitaldietan parte hartu genuen... aukera oso politak eskaintzen ditu mintzalagunaren antolakuntzak eta aprobetxatzen badakigu!

Gasteiz gero eta euskaldunagoa dela esango zenuke? Non entzuten da gehiago euskara? Gipuzkoarra izanda, Gasteiz nahiko erdalduna aurkituko nuela uste nuen, baina sorpresa ona jaso dut. Alde Zaharreko giroan euskara asko entzuten da, nire lanean ere eta haurrei dexente entzuten diet kaletik.

Oporrak non eta zertarako? Ahal izanez gero, ez dut oporrik imajinatzen bidaiatxo bat egin gabe! Euskal Herria ezagutzen jarraitu, hondartza, mendia, atzerria... leku interesgarri asko dago eta konpainia onarekin bada, hobeto.

Liburu bat? Bidaiatuko dudan hurrengo tokiaren Lonely Planet bidaia gida.

Film bat? Txikitatik udalekuetara joaten ginenean autobusean jartzen ziguten pelikula: Forrest Gump; eta, euskaldunen artean, Kutsidazu Bidea Ixabel.

Zein ekintza kulturalean parte hartu duzu azkenaldian? Korrikan asko murgildu nintzen bertan dagoen giroa oso hunkigarria delako. Irun, Gasteiz, Trebiñu eta beste hainbat tokitan korrika egin nuen... batzuetan, jende askorekin eta, gauez batez ere, talde txikietan. Baionako bukaera jaia ere galanta izan zen.

Gasteizko txoko bat? Egunez, Andra Mari Zuriaren plaza, etxeko balkotik bizitza pasatzen ikusten dudalako; eta gauez, Kutxi kalea.

Euskaraz bizi daiteke Gasteizen? Bai, noski eta mintzalagunak dinamizatzeko ekintzek ikaragarri laguntzen dute. Orain, gure esku dago euskaraz gehiago hitz egitea eta gure “rollo ona” hirian zabaltzea.

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago