M18Plazara: kontsentsutik ekintza sozialera

hirinet 2013ko mai. 2a, 09:45

herriraZalantzarik gabe, martxoa gogoangarria izan da espetxe politikaren arloan, arrazoi bat baino gehiagorengatik.


Alde batetik, Espainiako Estatuak Estrasburgoko Auzitegian agertu beharraren lotsari aurre egin behar izan zion, aho batez emandako epai batean Europako Giza Eskubideen Konbentzioa urratu izanaz salatuta euskal preso politikoen espetxe-zigorrak luzatzeagatik. Horrez gainera, martxoaren 20ko epaiketa-saioak agerian utzi zuen, beste behin ere, salbuespen neurri horiek indargabetzearen alde Euskal Herrian dagoen kontsentsu sozial zabala, denok batzen gaituen gutxieneko adostasuna, etengabe sendotzen eta ahotsak bereganatzen ari dena. Eta jakina, Goi Auzitegiak epaia berresteak garrantzia handia izango luke konponbide eta bake prozesuaren punturik minberena desblokeatzen hasteko: presoen gaia.


Halere, martxoak eta martxoaren azken eztenkadek estatuek Baionako eta Bilboko manifestazio historikoei emandako erantzuna ere ekarri digute: mugitu egin dira, bai; atzeraka, ordea. Orain arte blokeoaz mintzatu gara, baina tamalez atzerapausoez hitz egin beharko dugu aurrerantzean.


Begi bistakoa da salbuespen neurriei eustea jolas ankerra dela, zoritxarraren aldeko apustua, dakarren arriskuaz jabetuta egiten dutena. Martxoak erakutsi zigun, hain zuzen, zein diren egungo espetxe politikari eustearen ondorioak: bi preso politikoren heriotza, senitartekoen auto-istripu gehiago eta isilean utzi nahi ez dugun zerbait: kartzeletan presoek jasandako erasoen eta jipoien ugalketa. Finean, koxka bat estutu dute sufrimendua, eta argi gelditu da min ematen segitzeko asmoa dutela.


Gainera, azaroaren 10ean eta urtarrilaren 12an gizarteak emandako agindu argiaren aurrean gobernuek beren baliabide guztiak abiarazi dituzte preso eta iheslarien gaia eztabaida politikotik kanpo uzten saiatzeko. Hala ikusi dugu Eusko Legebiltzarreko Bakeari buruzko Ponentziaren eraketa dela eta, PP ahalegindu baita arreta guztia iraganaren zati baterantz zuzentzen, gaur egun ere gertatzen diren giza eskubideen urraketa larriak hizpide izan ez daitezen. Berdin gertatzen da jende gehiago espetxeratzeko apustuarekin, edo “preso politiko” esamoldearen kontra jotzen edo legez kanpo uzteko estrategia berreskuratzeko keinuak egiten etengabe entzuten dugun zarata mediatiko-juridikoarekin. Kasu horietan guztietan, egungo garaiak iraganera eramatea da helburua, argazki zaharrak erakutsiz atzera bidaltzen gaituen bukle batean kokatzea etorkizunerako aurrerapausoak agendatik baztertzeko. Oso argi baitute eman beharreko lehen urratsak espetxe arloko politikaren aldaketa izan behar duela.


Baina, kontrakoa dirudien arren, horrek adierazten du bide onetik goazela salbuespen neurriak gainditzeko. Azken batean, hilabeteotako presio sozialak mugitzera behartu ditu, atzerantz bada ere. Itxuraz irmo dirudienaren atzean azken aukeraz baliatzen ari denaren ahulezia sumatu daiteke. Azkena da, ahitu dituzte, eta ahal duten guztia luzatzen saiatuko dira. Baina ez dira gai euskal gizartearen aurrean sakabanaketari eusteko premia justifikatzeko, 197/2006 doktrina edo gaixo dauden presoak espetxean edukitzea justifikatzeko. Eztabaida hori guk irabazi dugunez, beste arlo batzuetara eraman nahi dute.


Atzerapausoa euskal gehiengo sozialerako mehatxu ikaragarria da, ordea. Ez dugu dudarik Alderdi Popularra eta Frantziako Alderdi Sozialista gero eta zokoratuago daudela, gure herrian gutxiengo batek baizik babesten ez duen muturreko jarrera hartu baitute, denboraren poderioz jasanezina egingo zaiena. Nolanahi ere, kezkagarriak iruditzen zaizkigu haien jokabideak praktikan izan ditzakeen ondorioak; izan ere, prozesua mantsotzeko eta konponbidea eta bakea ekarriko lituzkeen etorkizuna lapurtzeko ahaleginetan ari dira, baina funtsean dagoen gaia politikaz harago doa: giza eskubideen gaurko urratzea biharko heriotzaren aldeko apustua da. Gure iritziz horixe da gai-zerrendako lehen mintzagaia: salbuespen neurriei amaiera ematea hildako gehiagorik izan ez dadin.


Ezin dugu amore eman, jakina, jolas makabro honen aurrean, are gutxiago orain, helburuari gogoz ekin behar diogu. Bistan da gehiengo sozialak eskakizun horrekin bat egitea ez dela aski salbuespen neurriekin amaitzeko, eta uste dugu gehiengo sozialaren ekintzara pasatzeko garaia iritsi dela. Alegia, dagoeneko lortu dugun kontsentsu soziala antolatu, esparru sozial guztietara eraman, eta eraginkor bilakatu, ekintza bateratu eta sektorialen bidez, hemen Euskal Herrian, estatuen aurrean eta nazioartean. Hitz gutxitan esateko, aurrerapausoak egin aniztasunetik abiatuta, dinamika baketsu eta irmoa abiarazi beharko dugu, eta inoiz baino zorrotzago jardun presoen giza eskubideen eta herri honen gehiengoaren borondatearen defentsan.


Sufrimendua geldiarazi behar dugu, eta horretarako fronte zabal bat eratu, giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde. Herritarrak izango dira protagonista nagusiak, baina herri honetako alderdi, sindikatu eta eragile sozial guztiok ere gure tokia bete beharko dugu. Horretarako, interes partikular asko utzi beharko ditugu bazter, eta orokorrei lehentasuna eman, epe laburreko lorpenei garrantzi handiegirik eman gabe epe luzeko estrategien mesedetan.


Panorama zaila dugu. Mugimendu gisa, argiak eta azkarrak izan behar dugu, erronkari tamaina hartu, lan handia egin, eta, batez ere, lan ona egin. Herrira-ren zeregina ez da mugatzen estatuei gauzak eskatzera, agerikoa baita horrelakorik ez dutela nahi eta ez dutela nahi izango. Era berean, alferrik da goiburu batzuekin tematzea, horiek gauzatzeko behar adinako zurrunbilo soziala sortzen asmatzen ez badugu. Kontua ez da, beraz, helburu batzuekin amets egitea, kalera atera eta geure eskuekin erdiestea baizik. Eta, horretarako, argi eduki gizartea behar dugula, gure eskaerekin bat datorren baina oraindik behar den presioaz baliatzeko antolatu ez dugun gizarte hori, hain zuzen.


Garbi ikusten badugu estatuek ez dutela gauzak aldatzeko borondaterik, pentsa dezagun zenbateko indar soziala behar dugun mugiarazteko. Indar hori hor dago, eta eraginkorra da beste esparru batzuetan. Baina gehiengoak aniztasunetik abiatuta baizik ez dira aktibatzen, askotarikoak baitira berez, eta adierazteko plataforma zabalak behar dituzte, eta lana zuzendu kideak batzen dituen adostasun puntuetara. Hortxe dago gure lana, eremu berri horiek sortzen eta elikatzen, gizartea sentsibilizatzen eta kalera aterarazten euskal preso politikoen giza eskubideen alde, konponbidearen eta bakearen alde.


Maiatzaren 18a beste aukera bat da eremu hori sendotzen jarraitzeko, oinarritik hasita gainera, herri eta auzoetan, gure auzokideen ondoan, salbuespen neurriak jasaten dituzten guztiekin. Baionako eta Bilboko herri olatuak Euskal Herriko 200 plazatara doaz orain, hortaz. Emaiezue zuen indar eta kemen guztia.


Immobilismoari aurre egiteko, mugimendu gehiago, harreman gehiago, sentsibilizazio eta presio sozial gehiago. Lortuko dugu!

 

Jon Garay Vales, Nagore García Bohollo, Ane Zelaia Viguera, Ibon Meñika Orue-Etxebarria eta Emilie Martin, Herrira mugimenduko kideak

 


 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago