Praktikatu jarduera fisikoa

hirinet 2013ko api. 30a, 17:03

 

irati andaIrati Anda

 

Kirola, jarduera fisikoa, soinketa, heziketa fisikoa, praktika fisikoa, ariketa… Unibertsitatean irakatsi ziguten hitz hauetako bakoitzak bere esanahi eta xehetasunak dauzkala, baina funtsean denek dute oinarri berdina: gaitasun fisikoak indartu edo mantentzea, gorputza erabiltzea eta gorputzaz gozatzea modu aktibo batean. Hau modu kolektibo edo indibidualean egin dezakegu.

Txiki-txikitatik egiten dut nik jarduera fisikoa. Memoriak utzi didan beste egin dut atzera nire bizitzako oroitzapenetan eta nire haurtzaroa zein nerabezaroa alai eta zoriontsu gogoratzen ditut ikastolako patioan (guk baratza deitzen genion) harrapaketan, ezkutaketan, baloi errean jolasten. Saskibaloia, eskupilota, futbola, atletismoa… pentsatzen jarri eta kirola etortzen zait burura nire historia txikian arakatu ahala. Gogoan dut gurasoekin ere oreka jolasak egiten ibiltzen ginela. Ziurrenik, arrazoi nagusia ondo pasatzea izango zen.


Eta ondo pasatzea ezinbesteko kontua da politikari grisek zuzenduriko gizarte gris honetan, dibertitzeak gure bizitzak koloreztatzen baititu. Kirola eta jarduera fisikoa praktikatzea dibertitzeko modurik interesgarrienetakoa iruditzen zait niri, jarduera fisikoa praktikatzeko moduak infinituak baitira eta norberak bere modua duela ziur nago. Parrandan ateratzen diren eskalatzaileak Gasteizeko kaleetatik “urban climbing” egiten ibiltzen dira adibidez, bere bidean topatzen duten oro eskalagarri bihurtuz. Itxi zuen etxeetako balkoietako ateak badaezpada ere! Ji, ji..


Baina ondo pasatzeaz gain, badira jarduera fisikoa egiteko beste hainbat arrazoi ere pisuzkoak direnak eta horietako bat osasuna da. Gaur egungo bizitza oso sedentario bihurtu da tamalez. Teknologia, industrializazioa eta gauzak eskuratzeko dugun botere ekonomikoa dira sedentarismo horren arrazoietako batzuk. Hauek guztiek bizitza “eroso” bat bultzatu dute, erosoegia akaso, gure osasunaren kalterako. Bizitza aktibo bat izateak dakartzan onuretako batzuk besterik ez nituzke aipatu nahi.


Jarduera fisikoa praktikatzeak garapen fisikoa, kognitiboa eta soziala estimulatzen ditu. Gehiegizko pisua hartzeko arriskua ekiditen du, osasun mentala eta autoestima mailak indartzen ditu, gure bihotza hobe funtziona dezan laguntzen du, ondo sentiarazten gaitu… eta aipatzen jarrai nezake, baina ez zaituztet aspertu nahi. Jarduera fisikoa praktikatzen hasi zaitezten, hori da gustatuko litzaidakeena.

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide