Danborrada, barraskiloak eta perretxikoak

hirinet 2013ko api. 26a, 14:51

san-prudentzio-2013-kartelaSan Prudentzio Arabako zaindariaren ohorezko jaiak hasi dira dagoeneko Arabako puntu ezberdinetan. Jaia berez apirilaren 28an izan arren, egun batzuk lehenago  hasten dira ospakizunak eta apirilaren 23an Maider Unda borrokalarika eta Patricia Elorza eta Eli Pinedo eskubaloi jokalariek jaiak igartzeko pregoia irakurri zuten.

Apirilaren 27an, larunbatean, 20.00etan hasiko da jaia, izan ere, erretreta egingo da udaletxeko balkoitik eta Udal Folklore Akademia eta Indarra Dantza taldeak egingo dute emanaldia. 21.00ak arte erretretaren deiak 15 minuturo egingo dira.

 

Ordu horretan, 21.00etan, Gasteizko Probintzia plazan kokatzen den Aldundiaren jauregiko balkoira mugituko da ospakizuna, bertan danborraden erretreta hasi egingo baita. Danborradan Arabako sukaldariak eta elkarte gastronomikoen ordezkariak biltzen dira, amantala eta kapela handiak eramaten dituzte, eta hiriko kaleetan barrena kalejira egiten dute txistu zein danborraren soinuen laguntzaz. Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko tronpetari eta atabalariak egongo dira bertan. Erretreta joaldien artean, talde hauen emanaldiak izango dira: Garikoitz & Furundarena, Folkon eta Indarra Dantza Taldea.


Horren ostean, 1.00etan, eta dantzarako gogoak mantentzen dituenarentzat, herri dantzaldia izango da Arka plazan, Joselu Anaiak musika taldearen eskutik.


Apirilaren 28an, urtero bezala, Armentiako zelaiak dira protagonistak, San Prudentzio egunean bertan kokatzen den basilikaraino erromeria herrikoi eta jendetsua egiten baita. Horrekin batera, haurren danborrada ospatuko da erdigunean, arratsaldeko 18.00etatik aurrera.


san prudentzioa armentia

 

Apirilaren 28ko programa, Armentian 


11:00 Prozesioa basilikaren kanpoko aldean eta, ondoren, meza

12:00 Elizkizunak amaitutakoan, ohorezko aurreskua

12:00 Armentiako zelaiak: dantzarien emanaldia (Arabako Dantzarien Biltzarraren eskutik, Eguzkilore dantza taldea)

12:30 Herri kirolen erakustaldia, Txapelketa, Urrezko aizkolariak - elite maila

12:00 - 14:00: Txahal errearen dastatze solidarioa

18:00 Kontzertua Armentiako zelaietan: Sukar musika taldearen emanaldia

18:00- 21:00: Txarangak eta trikitixa herriko kaleetatik


Haurren danborrada, erdigunean


Noiz: Apirilaren 28an, 18.00etik 20.30ak arte

Ibilbidea: Doña Otxanda dorretxea, Probintzia plaza, Andre Maria zuriaren plaza, Plaza berria, Probintzia plaza.

Danborrekin batera, barraskiloak eta perretxikoak protagonistak izango dira egun hauetan. BI jaki hauek modu tradizionalean prestatzen dituzte: perretxikoak zartaginean pixka bat pasatu eta gero arrautzarekin nahastu behar dira. Barraskiloei dagokienez, uretan hainbat aldiz garbitu eta tomatez, kipulaz, berakatzez, piper lehorrez, txorizoz eta txerri solomoz (edo urdaiazpikoz) egindako saltsan prestatuko ditugu.


On egin eta jai zoriontsuak pasa!


Informazio gehiago: San Prudentzioa egitaraua

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago