Albert Pla, manifestazioan zulo beltzean

hirinet 2013ko mai. 2a, 02:00

albert-pla

Bizitza kaka zahar bat dela aldarrikatuta, bere “Manifestazioa”-ren partaide egitera datorkigu Albert Pla kantautore kataluniarra maiatzaren 11ean Aguraingo Harresi aretora. Bere mingain zorrotza gordetzeko inolako asmorik gabe berriz ere, Sabadell-go artista antzerkiaren uretan gorputz erdia baino gehiago murgiltzen du, gainontzekoa pare bat abestik egiten duten bitartean.


Etxera bueltatzea ezinezkoa zaion gizon baten istorioa kontatzen du, manifestazioen zurrunbilotik atera ezin duen gixajoa, proklamen labirintoan barrena, protagonistak hitz ordua dauka neska batekin manifestazio batean, baino kontzentrazioz nahasi eta etxera joatekotan denean poliziaren karga batek harrapatzen du eta ihesean bakearen aldeko mitin batean amaitzen du, ondoren gerraren aldekoek zapuzten dutena, inoiz iristen ez den etxerako bueltan. Bankari edo polizia pare bat akatzea gustatuko litzaiokeen arren, horren ordez, mundu guztia bezala sistemaren aurkako manifestazio batera joatea erabakitzen duen pertsona baten istorio da. Benetan sumindu ordez, sumindu bat dela esaten duen horietako bat.


Bere polemikotasunagatik ezaguna da, eta hainbat artistekin kolaboratu izan du, hala nola Manolo Kabezabolo, Extremoduroko Robe Iniesta, Fermin Muguruza, Estopa edo Kiko Veneno, besteen artean. Horrez gain, aktore moduan ere aspaldi egin zituen bere lehen urratsak, Juanma Bajo Ulloaren “Airbag” filmean eta Isabel Coixet-en “Los que aman” pelikulan, esaterako. Talde armatu baten partaide zen neskalaguna zeukala abesteagatik ezaguna, Plaren ikuskizunean ia dena hitzezkoa da, lau bat abestirekin. Idatzita egon arren, aldaketak izan ditzakeen obra da Plarena, bere estiloari jarraiki, manifestazio motak aldatzen doazelarik.


Zer? “Manifestazioa”, Albert Pla

Noiz: Maiatzaren 11an, larunbatean

Non: Aguraingo Harresi Aretoan

 


Egilea: Amaia Gartzia

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago