Gernika animazioko film laburraren proiekzioa Artium museoan

hirinet 2013ko api. 24a, 14:07

gernika-animaziozko-laburmeDatorren apirilaren 25ean, ostegunean, 19.30ean, Gernika animazioko film laburraren proiekzioa egingo da Artium museoan, ‘Pantaila Garaikidea’ programaren barruan. Ondoren Ángel Sandimas zuzendariarekin egingo da solasaldia. Gernika filmak 1937an hegazkin alemanek foru hiria bonbardatu aurre-aurreko eta ondo-ondoko uneak jasotzen ditu. Datu historikoak eta José Luis Zumetak eta Mikel Laboak gertakizun horiek gogorarazteko sortu zituzten lanak elkartu eta berpiztu egin dira dokumentu bizidun hau egiteko. Gasteizen bonbardaketaren 76. urteurrenean aurkeztuko da, hain zuzen ere. Pantaila Garaikidea proiekzioak eta hitzaldiak biltzen dituen programa bat da, Artiumek Bildumako egileek egindako edota haiei buruzko pelikulak aurkezteko erabiltzen duena.

Gernika animazioko film laburraren abiapuntua, José Luis Zumetaren izen bereko margolana 3D-an berregiteko ideia izan zen. Tamaina handiko lan hori Zumetak eta Carmelo Ortíz de Elgueak elkarrekin egin zuten Argia barrura erakusketan —Artiumek antolatua— egon zen ikusgai. Hasierako proposamena aldatuz joan zen, eta margolanetik ateratako elementuei bizia eman eta soinu banda bat gehitzeko ideia sortu zen (musika, margolariaren adiskide zen Mikel Laboaren Gernika izan behar zuen, noski, bere bertsio sinfonikoan). Horrela hartu zuen film laburraren itxura. Gidoia egitearen, dirua bilatzearen eta ekoiztearen prozesua lau urtez luzatu zen, etenka, Gernikaren bonbardaketaren 75. Urteurrenean Donostiako Zinema eta Giza Eskubideen Jaialdian estreinatu zen arte.


Zumetaren lanak oso modu ezaguterrazean ematen ditu lekuak, pertsonaiak eta egoerak, eta Laboaren musika lanak, berriz, pelikularen erritmoa markatzen du. Ángel Sandimasek José Luis Zumetak hurbiletik lagundu zion Ángel Sandimasi bere margolaneko eszena eta pertsonaietan oinarriturik zirriborro ugari eginez.Gero, zuzendariak marrazki horiek garatu eta bizia eman zien 3D teknologia erabiliz. Proiekzioaren ondoren, Sandimasek margolariarekin izandako lan prozesuaz hitz egingo du, beren lankidetza estuaz eta hasierako planteamenduetatik azken emaitza arte jarraitutako prozesu luzeaz.

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago