Euskaltasunean lagun... Laura Mondragon

hirinet 2013ko api. 24a, 12:32

euskaltasunean-lagun-lauraMondragonEibarren jaio zen orain dela 25 urte Laura Mondragon, baina txikitan Gasteizera etorri zen bizitzera. Gaztelaguna egitasmoan parte hartzen duen gure hurrengo protagonistaren esanetan, neska berritsu eta abenturazlea da. Sukaldaritza eta gozogintza du gustoko, eta noski, sukaldatutakoa inguruko lagunekin partekatzea ere bai.


Urte berriarekin batera hasi zinen gaztelagunean, zerk bultzatu zintuen parte hartzera?

Euskara berriz ere hartzeko gogoak, horregatik, urte berrirako helburuen zerrendan gehitzea erabaki nuen eta urtarrileko lehenengo astean ezagutu nituen nire mintzalagunak.


Zer egiten duzue zuen taldean elkartzen zaretenean?

Gasteizko pintxopoteak ezagutu eta haiekin gozatu, pintxopote zaleak gara eta astero auzo berri batera joatea dugu gustoko.


Zure gaztelagun kideen inguruan...

Hitz ederrak besterik ez. Primerako harrera egin zidaten eta giro bikaina sortu dugu. Sorpresa oso atsegina izan da taldekideak ezagutzea, orain lagunak bihurtu direnak.


Eta zuri buruz ez dakiten zerbait?

Adarjotzailea naizela badakite, beti nabilelako txantxetan, baina ez dakite jenio txarra ere daukadala, hori dio behintzat nire aitak.


Oporrak non eta zertarako?

Oporrak beti dira ongietorriak, baina aukeratzekotan hiri-turismoa dut gustoko: hiriaren historia ezagutu, gastronomiaz disfrutatu, erosketak egin eta parranda botatzea!


Liburu bat?

Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao. Xarma handiko idazlea dela uste dut.


Film bat?

Chocolat.


Taldean ekintza osagarri askotan hartu duzue parte, zein izan da gehien gustatu zaizuena?

Guztiak izan dira atseginak, agian nire sukaldatzeko zaletasunagatik sukaldaritza pil-pilean tailerra esango nuke. Gainera, bai garizumako potajea baita gazta tarta ere jarri ditut praktikan eta oso arrakastatsuak izan dira biak.


Gasteizko gustoko duzun txoko bat, zergatik?

Alde Zaharra, eskaintzen duen guztiagatik: historiaz beteriko kaleak, katedrala, tabernak.. eta Salburua, handik paseatzeak zurrunbiloaz deskonektatzeko aukera ematen duelako.


Eta batere gustatzen ez zaizun bat?

Gasteiz osoa da atsegina.


Euskaraz bizi daiteke Gasteizen?

Nire ustez, bizitza osotasunean zailtasunez egin daiteke euskaraz. Baina saiatu beharra dago, bidea erraz dadin.


Gazteen artean euskarak lekua irabazten doala deritzozu?

Bai, zalantzarik gabe! Ikastolan euskara ikasten ari zarenean ez zara konturatzen, baina denbora pasa ahala, euskara hitz egiteak ematen dizun aberastasuna baloratzen ikasten da.

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago