Mantisa, rock estiloaren baitako ate guztiak irekita izan nahi dituen talde zarauztarra

hirinet 2013ko api. 23a, 18:15

mantisa

Datorren maiatzaren 28an Mantisa taldeak Parral tabernan eskainiko du kontzertua, GEU elkartearen eskutik. Taldea Zarautzen sortu zen, 2004an. Bi disko kaleratu ditu orain artean. Euskal Herriko hardcore eszenatik abiatu bazen ere, Iosu Gonzalezek (ahotsa eta gitarra), Ganix Illarramendik (gitarra eta ahotsa), Iñigo Azkuek (Baxua), Iñaki Castrok (bateria) eta Xabier Arrutik (teklatuak) osatzen duten taldeak egun rock estiloaren baitako ate guztiak irekita izan nahi ditu.

 

Bere lehen diskoan, Mantisakoak hardcore, rock eta punk-rockaren estiloan murgildu ziren, eta beren lan berri honetan, beste norabide musikal bat hartu dutela esan daiteke. Aldaketak izan dira Mantisa taldean; hain zuzen ere, teklista bat sartu da, eta horrek beste ukitu bat eman dio taldeari. 2012ko abuztuan eta irailean zehar grabatu du Mantisak estudioko bigarren diskoa: Plethora. Disko berriak 10 abesti ditu, ardatz melodia harmonizatukoak. Oso erritmo landuak dituzte, eta batzuetan, sinkopatuak.

 


mantisa-plethoraLetretan, gizakiaren sentimenduak aipatzen dituzte Mantisakoek, eta beldurrari aurre egiteko egoerak (larrialditan), etorkizunak berekin duen zalantza eta iraganeko oroipenak (hondarrak), animalien sufrimendua (arrantza txapelketa), gizabanakoaren esanahia (Plethora), eta gaur egungo gizartea gori-gorian dauden beste gai batzuk. Azken batean, albuma lehen aldietan entzutean, harrapatu eta ezinbestekoan bilduko zaitu, eta hurrengoetan entzuten denean, taldearen xehetasun landuak hautematen dira.

 

Informazio gehiago: www.mantisataldea.com

 


Argazkia: Gorka Lasa

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago