Galtzak atzekoz aurrera

hirinet 2013ko api. 25a, 02:00

Lierni Garmendia


“Baso eta palmera artean. Ez naiz inori goiza gozatuko dion hamaiketakoaz ari. Benetako basoa ekarri nahi dut hona, zuhaitz eta palmondoz lepo dagoen baso tropikala. Filmetan ikusten den irla exotiko horietakoa. Exotiko eta, aldi berean, ezezaguna. Basoaren erdigunean, garbi ageri den hutsunea, ez zuhaitz eta ez landare. Ez bizi. Lurra soilik, bizigabe. Guri bizia emango baligu lez. Badira bertakoak. Badira, emakume eta gizon. Gizon eta emakume, nahierara. Badira, baita ere, arrotzak zaizkien gonbidatuak. Ixa gonbidatuen artean. Ixak ezezaguna deskubritzea du buruan, helburu.


Ixa konturatu denerako, biribilean eserita daude mota horretako bizipen bat izateko ohorea duten besteekin batera. Egurrezko aulkietan jesarri dira guztiak. Zirkulua ez da itxia, baina. Bada, aulki bat falta da Ixagandik gertu, ez galdetu zergatik oraindik.


Hasi da. Inguratzen dituzten zuhaitz jantzien atzetik kanta nahasiak entzun daitezke. Melodia galduak, irentsiak. Baso haietatik irtengo ez direnak. Hutsunea betetzen hasi da; betetzen, zirkulua osatzen duten gonbidatuen harridura eta jakin-mina. Egarri dira zer etorriko ote den segidan. Zuhaitzen hosto zabalak mugitzen hasi dira haizea bailitzan guztiaren erantzule. Gerturatzen ari da. Hara non bat-batean gizon bat irteten den, ahoa zentimetro gutxi batzuk ere mugitu gabe ezpainen arteko talkatik melodia bat botaz airera. Inertziaz Ixari heldu zaiona. Ez daki zein kanta izan litekeen, baina telebistan ikusi izan dituen dokumentaletan agertzen diren Afrikako tribu horietakoren bat ekartzen dio gogora. Etengabe errepikatzen dira hotsak segundo gutxiko etenekin.


Gizonaren atzetik, metro gutxira, emakume bat. Gizonaren oinatzei jarraitzen die, gonbidatuek osatzen duten zirkuluan biraka, eserleku hutsera heldu arte. Gizona aulkian jesarri da, eta emakumea, aldiz, Ixak hasiera batean horren arraro ikusi duen hutsunean. Bai, lurrean jesarri da, bere oinen gainean. Ez da inongo begiradarik gurutzatu zirkuluan, gonbidatuen harridura begiak ere ez, bada ez bada.


Ixaren harridurarako, gizonak fruitu lehorrak atera ditu bere poltsatik, eta hauetako bat tentu handiz hatz artean hartu, eta ahora eraman du bitan pentsatu gabe. Bizpahiru ale irentsi eta hurrengo urratsa emakumeari fruitu lehor bat eskura ematea izan da. Honek ere, irentsi, gizona imitatuz. Imitatu beharra balu bezala. Aske ez balitz bezala, gizonaren gibelean bailitzan, etorri zaio berehala gogora Ixari.”


Zergatik ez ote nau horrenbeste harritzen? Zergatik, harritu baino, liluratzen? Bada, aipu jokabideak atzetik dirudiena baino gehiago duelako, beste galtza pare bat jantzi beharko dugulako une honetantxe zuen gogoan marraztea lortu dudan eszenari begiratu ahal izateko. Betaurrekoak aldatuko ditugu.


Izan ere, zer gertatzen da, bada, orain azaltzen badizuet arestian deskribatu dudan kulturan emakumea dela biziaren giltza? Eta gizonaren atzetik joan beharrean, gizona dela emakumearen aurretik doana hau babestu ahal izateko? Eta ez dela gizona janaria lehenbizi dastatzeko eskubidea duena, baizik eta emakumeari janariak kalte egin ez diezaion dastatzaile dela? Babesle? Eta emakumea lurrean esertzearen arrazoia sinbolikoa balitz, eta ez gutxiesgarri? Izan ere, aipu kulturan, emakumea biziaren sinbolo da, emankortasunarena. Lurra bezain emankor, lurretik baitator bizitza. Horregatik, hain zuzen, emakumeak lurretik gizona baino gertuago egoteko pribilegioaz gozatuko du.


Ezezaguna zaigunak aurreiritziak sorrarazten dizkigu, ezezagun horri erantzun bat eman nahian gure iritzi eta balio propioetatik abiatzen baikara. Hots, ezezaguna zaigun horri gure ezagutzatik ematen diogu irtenbidea. Ulertu behar dugu, ordea, abiapuntuak ez duela zertan gure ezagutza izan, ezagutu nahi dugun horren ingurukoak baizik. Ezagutza ez baita ispilu kontua, ez da bertan islatuta ikusten dugun hori; ispilua zeharkatzen ausartu behar dugu. Galtzak aldatu. Eta atzekoz aurrera jantzi.

 

 


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago